Ez da lehen exodoa. Athleticeko zaleek erromesaldia egingo dute gaur Donostiarako bidean, baina ez da aurreneko aldia izango. Anoetan etxean jokatzea zer den badaki Bilboko taldeak. 1997ko apirilaren 6an izan zen, Sevillaren aurka, eta hutsean gelditu ziren biak. Talde haren entrenatzailea Luis Fernandez zen, eta, besteak beste, Josu Urrutiak, Julen Guerrerok eta Ismael Urzaizek jokatu zuten.
Athleticek zigor baten ondorioz utzi behar izan zuen San Mames. Otto Konrad Zaragozako atezainari petardo bat bota zioten harmailetatik, eta Espainiako Diziplina Batzordeak bi partidarako itxi zuen estadioa. Taldeak helegitea jarri, eta partida bakarrera jaitsi zuten zigorra. Athleticek halako zigor bat jaso zuen laugarren aldia zen. Aurrenekoa 1985-1986ko denboraldian izan zen, Bartzelonaren aurkako partida batean ikusleek zelaia inbaditu zutelako; bigarrena, 1990ean, Paco Buyo Real Madrileko atezainari hainbat gauza jaurtitzeagatik; eta azkenaurrekoa 1993-1994an, Albaceteren aurkako partida batean, Santiago Uzqueda epailea txanpon batekin buruan jo zutelako.
Aurrekoetan estadioa itxi zuten; 1997an, aldiz, Bilbotik kanpo jokatzeko aukera zuen, eta Athleticek Donostia aukeratu zuen. Taldea ondo zihoan UEFA Kopan sartzeko lehian, eta 30.000 ikusle joan ziren Anoetara. Taldeak hirurehundik gora autobus antolatu behar izan zituen. Giro bikaina egon zen, eta Donostiako tabernariek ere gogoan izango dute egun hura. Ehun mila euro inguruko galera izango zela esan zuen Athleticek.
Gaur ere jende andana joango da Donostiara, baina ez dirudi estadioa beteko denik. 13.000 zalek erreserbatu zituzten sarrerak, eta milaka joango dira euren kabuz. Iragan astean Valladoliden irabazi ondoren, ilusioa piztu da. 20.000 ikusletik gora egongo dira, eta ez da gutxi, are gehiago gaur Bilboko Aste Nagusiko egun handia dela kontuan hartuta. Bitxia da Athleticek Osasunari 300 sarrera bakarrik bidali izana. Iruñeko leihatilak herenegun ireki zituzten, eta berehala saldu ziren guztiak.
Gaurkoa izango da zaleek egin beharko duten azken bidaia, San Mames Barriko lanak erritmo onean doazelako. Herenegun belardia jartzen hasi ziren, eta harmailetako lanak aurreratuta daude. Markagailuak ere aspaldi jarri zituzten. Hurrengo asteburuan ez da partidarik egongo, eta bi aste barru Athleticek etxetik kanpo jokatuko du. Gauzak ondo, irailaren 15eko asteburuan jokatuko da lehen partida, Celtaren aurka.