Partidaren zati handi batean aurkaria baino hobea izan eta garaipenik ez lortzeak amorrua ematen du. Horixe gertatu zaio Athletici Espanyolen etxean. Zuri-gorriek garaipena eskuratzeko merituak egin dituzte, baina azken metroetan dituzten gabeziek sari barik utzi dituzte. Beste behin, erabaki txarrak hartu dituzte aurkariaren area inguruan. Gaizka Garitanoren taldeak errenkadan lortzen duen bosgarren berdinketa da, eta jakinekoa da puntuak banaka batzea ez dela nahikoa Europako txartela eskuratzeko.
Athleticek oso ondo jokatu du lehen ordubetea. Kopako sufrikarioa eta nekea alboratu eta neurketa irabaztera zelairatu da. Garitanok hiru erdiko atzelariko joko sistema berreskuratu du. Espero zen. Batetik, etxetik kanpo lehiakorragoa delako, eta, bestetik, Espanyolek bi erdiko aurrelarirekin jokatzen duelako. Zelai erditik aurrera Asier Villalibre izan da berritasun nagusia, eta, era berean, neurketako albisterik onena. Gernikako aurrelariak Athleticen lekua merezi duela erakusteko lehen urratsa egin du. Neurketa biribila jokatu du: baloia ondo babestu du, hegaletara ondo joan da, eta, gainera, gola sartu du. Ligan sartu duen lehenengoa. Athletici markagailuan aurrea hartzeko balio izan dio. Azken hiru partidetan ateratako hogeita bederatzigarren kornerrean izan da —Celtaren kontra hamahiru eta Elxen kontra hamabost atera zituen—. Lezaman landutako jokaldia izan da: Munianek motzean eman dio Williamsi, erdiko aurrelariak Muniaini itzuli dio, eta horrek baloia area handiko marrara pasatu du Villalibrek ezkerrez errematatzeko.
Golak indarra eman dio Athletici, eta jota utzi du Espanyol. Zuri-gorriak baloiaren jabe ziren, eta Capa zein Berchiche eroso ari ziren hegaletatik sartzen. Ezker hegalekoaren barneraketek sortu dute arrisku gehien. Ordu erdia betetzear zegoela area barrutik egin duen erdiraketa batek zutoina jo du. Bigarren zatia antzera hasi da. Athletic nagusi zen, baina ez du bigarren gola sartzeko aukera garbirik sortu. Yerayk areaz kanpotik egindako jaurtiketa izan da arriskutsuena. Diego Lopezek geldiketa ona egin du. Kontua da lehoiak erregai barik geratu direla azken ordu erdian. Eta aurkariak baliatu egin du. Abelardoren taldeak ez dauka sormenik. Geldikako jokaldietatik eta baloia luze jokatzetik bizi da. Calleri eta Raul de Tomasen eraginkortasuna da haren arma bakarra, eta baloi luze bat nahikoa izan da Callerik ukitu, Embarbak bularrez jo, eta Raul de Tomasek eskuinez jaurtita gola sartzeko. Gutxi eginda sari handia lortu du Espanyolek. Eta, gainera, azken minutuetan estu hartu du Athletic.