Athleticek bere maila neurtzeko aukera dauka Mestallan

Zuri-gorriek hirugarren garaipena erreskan lortu gura dute gaur Valentzian, goiko postuetara gerturatzeko

Llorente eta Aurtenetxe, ostegunean, bi goletako bat ospatzen. M. D. V. / ARP.
haritz gallastegi
Bilbo
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Athleticek ustez maila apala duten kontrarioak izan ditu ligaren lehen txanpan. Aurrean izan dituen aurkarietatik Malaga eta Vila-real izan dira indartsuenak. Bi talde on. Baina kontrakoa erakusten ez duten bitartean, egun apur bat falta zaie Valentziaren parean egoteko. Aurreko denboraldian Bartzelona eta Real Madril sar ezin daitezkeen ligako onena izan zen. Eta denboraldion ere gogor ekin zion txapelketari. Baina azken emaitzak ez dira eurak uste bezain onak izan. Ez ligan, ez Txapeldunen Ligan. Eta horrek hautsak arrotu ditu Unai Emeryren taldearen inguruan.

Oso inguru exigentea da Mestallako taldeak duena. Beraz, bi taldeentzat asko balio duen norgehiagoka da gaurkoa. Etxeko taldeak zaleen artean dagoen ezkortasuna eta etsipena baretuko duen garaipena behar du. Horretarako, baliabide asko ditu talde barruan entrenatzaile gipuzkoarrak. Talde lehiakorra zelairatzeko aukera dauka. Horregatik da nekeza Mestallan irabaztea. Eta horregatik emango lioke Athletici beste edozein garaipenek baino indar handiagoa gaur irabazteak.

Bielsak gustuko duen partida

Hirugarren garaipena erreskan eskuratzeak hartutako bidea zuzena dela sinesteko balioko luke. «Goi mailako aurkari baten aurka ariko gara. Sasoi bukaeran onenen artean egongo da Valentzia. Beraz, hobekuntza hori benetakoa den ikusteko aukera emango digu. Ia sailkapenean hobetzerik badaukagun», adierazi zuen Javi Martinezek.

Gaurkoan gustuko duen partida jokatzeko aukera izango du Marcelo Bielsak. Argentinarrak hiru puntuen bila zelairatzen diren aurkariak ditu gustuko. Ausartak. Aurrean arriskuak hartu eta atzean zuloak lagatzen dituztenak. Valentziak ez dio uko egingo golak sartzeari. Ea Athletic gai den aurkariari aurre egiteko, denboraldion argi eta garbi ikusi baita atzean sartu diren aurkarien kontra ezinean aritu dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.