Garaipen garrantzitsua lortu du Athleticek Lezaman Oiartzunekin jokatutako derbian. Zuri-gorriek 2-0 irabazita, hiru puntuak eskuratu zituzten, eta gertuago dute orain liga. Etxekoek 27. minutuan hartu dute aurre markagailuan, Ibarrak erdiratutako baloia Morazak sareratuta. Atsedenaldira abantaila horrekin joanda, bigarren zatia hasi eta gutxira egin du Lizasok gol erabakigarria, 51. minutuan.
Hiru jardunaldi baino ez dira falta liga amaitzeko, eta 72 puntu pilatuta, liderra da Athletic. Bartzelona, ordea, puntu bakarrera du, kataluniarrek Realari 1-0 irabazi eta gero. Oiartzun, berriz, 14. postuan da, eta hamabi puntura du jaitsiera postuetan dagoen Oviedo.
Hurrengo jardunaldian Atletico Madril hirugarren sailkatuarekin jokatuko du Athleticek Espainiako hiriburuan, eta Bartzelonaren zelaian ariko da Oiartzun. Realak, berriz, duela jokatua du hurrengo jardunaldiari dagokion partida, Transportes Alcaineren aurka.
Alaves eta Osasuna, lehen mailatik gertuago
Bigarren mailan, berriz, pauso handia eman du Alavesek lehen mailara igotzeko. Ponferradinari 2-0 irabazi diote babazorroek Laguardia eta Manu Garciaren golen bidez, eta sailkapeneko lehen postuan da, Leganesi aurre hartuta. Hiru jardunaldiren faltan, lau punturen aldea du hirugarren sailkatuarekiko. Lehen biak zuzenean doaz lehen mailara, eta hirugarrenetik seigarrenera sailkatutakoek ligaxka bat jokatuko dute mailaz igoko den hirugarren taldea zehazteko.
Ligaxka horretan postu bat ziurtatzeko garaipen garrantzitsua lortu du Osasunak ere. 3-2 irabazi dio Sadarren Numantziari, eta laugarren postuan da, 61 punturekin. Athleticek, berriz, 2-0 galdu zuen Lugon.
40. jardunaldia izango da hurrengoa, eta Alavesek eta Athleticek derbia jokatuko dute Barakaldon ostegunean. Osasuna, berriz, Gimnastic hirugarren sailkatuarekin ariko da aurrez aurre asteazkenean.