Futbola

Athleticek bihar aurkeztuko du Aritz Aduriz

Valentzia taldeko jokalaria Bilbon ariko da hurrengo hiru urteetan. Urrutiak, hala ere, Llorentek jarrai dezan ahalegina egingo dutela esan du, eta Athletic ez dela klub saltzailea gaineratu du.

2012ko ekainaren 27a
18:04
Entzun

Aritz Aduriz Athleticeko jokalaria da. Azken asteetan bolo-bolo ibili den zurrumurrua baieztatu zuen atzo gauean Ibaiganeko klubak, eta Valentziako jokalaria San Mamesen ariko da datorren denboralditik aurrera, hiru urtez. Hirugarren aldiz ariko da Aduriz Athleticen.

Bihar izango da aurkezpena, Bilbon: 12:30ean, San Mamesen.

19 urterekin iritsi zen lehen aldiz Bilboko klubera, Athletic B-ra, eta debuta egin zuen lehen taldearekin, baina Lezamatik urruti jarraitu behar izan zuen futbolari bidean. Burgosen egin zuen denboraldi bat eta Valladoliden hurrengo denboraldi eta erdia. Orduan, berriz ere fitxatu zuen Athleticek Aduriz, neguko merkatuan.

23 gol sartu zituen bi denboraldi eta erdian, baina Fernando Garcia Makuak Mallorcari saldu zion jokalaria 2008ko udan. Hurrengo bi sasoietan 24 gol sartu zituen Mallorcan, eta Valentziak fitxatu zuen segidan. 31 urterekin. Athleticek oraindik ez du jaso Mallorcarengandik jokalariaren salmentagatik jaso behar zuen diru guztia.

Llorentek segi dezan ahaleginean

Hilabete pasatu da Athleticek sasoia amaitu zuenetik. Atzora arte klubak albiste baten berri besterik ez du eman, oso garrantzitsua hori bai: Marcelo Bielsak beste urtebetez jarraituko zuela. Horren berri, halere, prentsa ohar labur baten bidez eman zuen. Ez prentsaurrekorik, ez adierazpenik. Atzo arte. Atzo, Josu Urrutia presidenteak hitz egin zuen.

Urrutiak klubaren inguruko hainbat gai izan zituen hizpide: kontratu berritzeak, fitxaketak, Lezamako obrak, Mediaprorekin dituzten desadostasunak... Kontratuak berritzeaz ezer gutxi argitu zuen, berritasun gutxi baitago. Aurretik esandakoa errepikatu zuen: Llorentek segitu nahi duela, eta haiek ere bai, eta hori horrela izateko "ahalegina" egiten ari direla.

Bayern Munichek Javi Martinez fitxatzeko duen interesaz, berriz, adierazi zuen Athletic ez dela klub saltzailea, jokalariak esan beharko lukeela joan nahi duen edo ez, eta, joan nahi izanez gero, hura fitxatu nahi duen taldeak etete klausula ordaindu beharko lukeela.

Ildo horretatik, aitortu zuen Bielsak kontratua berritzeko egindako negoziazioak ez zirela izan oso luzeak, eta hark ez diela jakinarazi Lezaman bizi nahi duen. Horregatik, nabarmendu zuen Lezaman egiten ari diren obrak lehen taldeari "%10ean bakarrik" eragingo diotela.

Ismael Lopezen itzulera

Urrutiak, halaber, lehen fitxaketaren berri eman zuen. Ismael Lopez Lugoko 22 urteko aurrelari nafarrak bi sasoirako kontratua sinatu du. Ez da jokalari ezezaguna, Athleticen harrobian aritu baitzen 2007tik 2010era, Joaquin Caparrosek harengan konfiantzarik ez zuela ikusita Zaragoza B-ra joan zen arte. Han urtebete egin zuen. Iazko udan, berriz, Lugorekin fitxatu zuen. Galiziako taldearekin Bigarren Mailara igo berri da, eta oso lan ona egin du.

Hura ere bihar aurkeztuko du Athleticek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.