Ander Herrerak 90. minutua betetzear zela sartutako gol batek justizia egin du San Mamesen. Gol horri esker, Athleticek bina berdindu baitu Bartzelonarekin, hori lortzeko nahikoa merituak egin ondoren. Talde zuri-gorriak sartu du partidako lehen gola, ordu erdia bete ez zenean. Susaetak sartu du gola. Gero, behera egin du, edo hobeto esanda, Bartzelonak gora egin du, batez ere bigarren zatian Messi zelairatu denean. Argentinarrak gol bikaina sartu du zelaira irten eta berehala. Messik gola sartu eta bi minutura Alexisek aurretik jarri du Bartzelona. Zigor handiegia zen Athleticentzat. Ez zuen horrelakorik merezi, ordu arte nor baino aritu baita. Zorionez, partida amaitzear zela Herrerak sartu du berdinketaren gola.
Athleticek pixka bat gertuago du mailari eustea. Talde zuri-gorriak 37 puntu ditu, eta zortzi puntuko aldea du jaitsiera postuekiko, bost jardunaldi falta direla.