Sei neurketa daramatza Athleticek porrotik ezagutu barik. Euretatik lau ligakoak izan dira. Bi garaipen eta beste bi berdinketa. Zortzi puntu guztira. Uzta horri esker atzean utzi ditu jaitsierako postuak. Une honetan sailkapenaren erdialdean daude zuri-gorriak. Goitik, lau puntura ditu Europarako txartela ematen duten postuak. Eta behetik beste lau puntura dauka infernua. Beraz, puntuak pilatzen jarraitzeko premia dauka Marcelo Bielsak zuzentzen duen taldeak. Athleticek egun duen postua baino gorago egoteko gaitasuna daukala uste dute futbolariek. Denboraldion ere sei onenen artean sartzeko borrokan egotea espero dute. Hori da helburua. Baina, era berean, jakinekoa da amildegia atzean laga ezean ez dela samurra izaten bestelako xedeen bila buru belarri aritzea.
Athleticek puntu beharra dauka. Dena dela, premia horrek ez du kikilduko. Egungo Athletic talde ausarta baita. Arriskuak hartzeko beldurrik ez daukana. Baina, era berean, begi bistakoa da San Mamesen kanpoan baino dezentez gehiago ari zaiola kostatzen joko ona egitea. Arazoak ditu aurkaria ondo kokatuta zelairatzen denean. Ate inguruan jokalari asko pilatu eta kontraerasoa baliatzen ahalegintzen direnen kontra, alegia. Osasuna izan zen ausart zelairatu zen talde bakarra eta gorritxoen kontra aritu zen erosoen talde bizkaitarra.
Ikusi egin behar zein asmorekin zelairatzen den Atletico Madril. Espero baino gutxiago ematen ari den taldea dela esanda ez da inor harrituko. Ia urteroko kontua da. Baina, era berean, ezin da ukatu maila oneko futbolariak dituela. Edozein aurkari mendean hartzeko gai izan daiteke. Kontuan hartzeko kontrarioa izango da. Bestalde, hamaikakoari dagokionez badirudi Llorente eta Ekiza jokatzeko moduan egongo direla. Eurena eta gainerako talde kideen ardura izango da Gurpegiri garaipena eskaintzea.
Athleticek emaitza bolada onean jarraitu gura du
Ligako eta Europako Ligako partidak batuta, sei partida daramatza talde zuri-gorriak lehiarik galdu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu