Athleticek eta Osasunak irabazi egin zituzten atzo, Espainiako Ligako 27. jardunaldiko partidak. Athleticek bolada txarra eten zuen, eta Sevillaren aurka 2-0 irabazi zuen San Mamesen. Lehen gola Fazio Sevillako jokalariak bere atean sartu zuen, eta bigarrena, Iraolak, penaltiz. Bosgarren da sailkapenean Athletic orain, 41 punturekin.
Osasunak ere bolada txarra eten zuen, kasu horretan, etxetik kanpokoa. Urtebete baino gehiago egin du Iruñeko taldeak etxetik kanpo irabazi gabe. Atzo Malagaren zelaian irabazi zuen, 0-1 Sergiok 90. minutuan sartu zuen golarekin. Jaitsiera postuetatik hiru puntura dago orain, 29 punturekin.
Realak gaur 21:00etan jokatuko du Deportivoren aurka. Partida hori aintzat hartu gabe, atzoko emaitzekin ez du galdu Realak posturik sailkapenean. Irabaziz gero, ordea, Sevilla eta Atletico Madril puntuetan berdinduko ditu.