Athleticek 1-0 galdu du Malagaren zelaian. Bilboko taldeak ez du irudi onik eman, huts asko egin baitu, eta, hala ere, esku-eskura izan du berdinketa. Are gehiago, luzapenean (94. min) banakoaren gola sartu du Iraizozek, buruz, baina epaileak ez du ontzat eman legezko gola. Malagak, berriz, atezainak oparituriko penalti bati esker sartu du gola (34. min). Ernesto Valverdek jokalari onenak zelairatu ditu, Txapeldunen Ligako atariko kanporaketako itzuliko partidarako ezer gorde gabe.
Athleticek eta Malagak partida orekatua jokatu dute, eta merituengatik balitz, puntu banaketa zatekeen zuzenena. Bi taldeek izan dituzte aukerak, baina jokoa ez da beste mundukoa izan. Athleticek, baina, penalti bat egin du, oso garbia. Carlos Gurpegiren huts argiaren ondoren Gorka Iraizozek area ertzean falta egin dio Roque Santacruzi. Luis Albertok bota du penaltia, eta atezainak jaurtiketa gelditu badu ere, aurrelaria iritsi da aurrenekoa aldaratzera.
Bigarren zatian Athleticek izan du baloia, baina ez du arrisku handirik sortu. Motel jokatu du, erritmorik gutxirekin.. Malagak, aldiz, atzean itxaron dio. Zuri-gorriak, baina, oso zurrun aritu dira erasoan eta ez dute zirrikiturik aurkitu. Bi aukera onenak jarraian izan ditu, Mikel Ricoren burukada lehenbizi (65. min.), eta Welingtonek Aritz Adurizi eginiko penalti garbia gero. Epaileak, baina, ez du ikusi.
Ondo jokatu ez arren, Athleticek gol bat lortu du, epaileak, baina ez du ontzat eman. Luzapenean (94. min) izan da, eta Iraizozek sartu du, erasora igota, buruz. Legezko gola zen eta Athleticeko jokalariek ozen protestatu dute. Ordurako Malaga bederatzi jokalarirekin zen.