Athleticek suspertu ezinik jarraitzen du. Hobeto ari da, baina puntuak hirunaka bildu ezinik jarraitzen du. Gaur berriro esku hutsik itzuliko da etxera, 0-1 galdu baitu Malagan. Marcelo Bielsak zuzendutako taldeak partida txukuna egin du, baina atzealdean egin duen huts bakarra baliatu du etxeko taldeak neurketako gol bakarra sartzeko. Saviolak sartu du, 18. minutuan. Athleticek izan ditu aukerak berdinketa sartzeko, baina beste behin pattal aritu da azken metroetan.
Zuri-gorrien zorionerako, azpitik dituzten taldeak huts egiten ari dira —Deportivok eta Celtak galdu egin dute—, eta horri esker dago oraingoz jaitsieratik salbu. Hala ere, suspertu beharra dute lehenbailehen. Aukera ona dute horretarako datorren ostiralean, Realaren aurkako derbian.