Athleticek garaipen bikaina lortu du liderraren aurka (1-0)

Iraiak sartu du partidako gol bakarra, norgehiagoka amaitzeko bi minutu eskas falta zirenean

Erredakzioa
Bilbo
2010eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Athleticek 1-0 irabazi zion atzo Espanyoli, Lezaman, Espainiako Superligako bigarren ligaxkako 11. jardunaldiko partidan. Zuri-gorrien garaipena ustekabekoa dela esan daiteke, Herrialde Katalanetako taldea paregabe ari baitzen bigarren ligaxkan: liderra zen, jokatutako hamar partidak irabazita. Espanyolen bolada bikainak ez zituen kikildu, ordea, Athleticeko jokalariak, eta partida bikaina jokatuta makurrarazi zuten liderra.

Iraiak sartu zuen garaipenaren gola, partida amaitzeko bi minutu eskas falta zirenean. Atzelari zuri-gorriak ederki baliatu zuen Ibarrak ezkerretik jaurtitako falta bat, eta buruz zulatu zuen Mariajoren atea. Gol horrek hautsi zuen ordu arte zelaian izandako parekotasuna. Atzoko garaipenarekin, Athleticek ligaxka bigarren postuan amaitu, eta titulurako kanporaketa jokatzeko aukerari eusten dio. Halere, zail izango du, bost puntura baitu bigarren sailkatua, Rayo Vallecano, ligaxka amaitzeko hiru partida falta direla. Espainiako hiriburuko taldeak, hain zuzen ere, astindu ederra eman zion herenegun ligaxkan ari den beste euskal taldeari, Realari alegia. Txuri-urdinek ez zuten izan aukerarik ezustekoa emateko, eta dozena erdi gol jasota itzuli ziren etxera. Apirilaren 11n edo 12an jokatuko da hurrengo jardunaldia. Athleticek Prainsa Zaragozaren zelaian jokatuko du, eta Realak Bartzelona hartuko du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.