Athleticek Ismael Lopez (Iruñea, 1990) aurrelaria fitxatu du bi urterako, klubak gaur jakinarazi duenez. 2005etik aurrera bost urtean Athleticeko harrobian aritu zen, Osasunatik hara joanda, eta orain Lugo Espainiako Bigarren B Mailako taldean zebilen —igoera lortu dute—. Athleticek 30 milioi euroko klausula jarri dio kontratuan.
2007an Espainiako selekzioarekin 17 urtez azpiko Munduko Txapelketa irabazi zuen Lopezek. 2010etik aurrera, Lugon ez ezik, Zaragoza B-n ere jokatu zuen.
Josu Urrutia presidenteak adierazi du Fernando Llorenteren kontratu berritzeari buruz baikor dagoela —2013an amaituko zaio—. Javi Martinezez eskaintza ofizialik ez dela ere esan du, eta ez du ezer argitu Aritz Adurizen balizko fitxaketaz.
Zazpi milioi euro zor ditu Mediapro enpresak
Urrutiak jakinarazi du Mediapro enpresak zazpi milioi euroko zorra daukala talde zuri-gorriarekin, telebista eskubideei dagozkionak. Zor hori hamar milioi euroraino iritsi daitekeela adierazi du presidenteak, eta horrek taldearen egoera ekonomia "baldintzatzen" duela.
Mediaprok kontratua bete dezan neurriak hartuko dituztela gaineratu du Urrutiak.