futbola

Athleticek joaneko partidako 3-2koa defendatu behar du gaur Tromsoren etxean

Aurrera egiten badu, biharko zozketan jakingo du multzoko hiru aurkariak nor diren.

Imanol Magro Eizmendi.
2009ko abuztuaren 27a
11:19
Entzun
Athleticek Artikorantz jo du bero bila. Denboraldi-aurrea hotza izaten ari da, eta Tromso kanporatzeak giroa berotuko luke. Edo lasaitu, hobeto esanda. Europa Ligatik kanpo gelditzea bizkarreko latzegia litzateke etxeko liga hasi ere ez denean, eta egun Athleticeko zaleak ilusio bultzada behar du. San Mamesko eliztarrak fidelak dira, itxaropenaren militanteak, eta taldeak zor die Europaz behar bezala gozatzea. Eta litekeena da gozatu ahal izatea, joaneko partidako aldeko 3-2koa altxor txiki baina preziatua delako, lasai jokatzeko modukoa. Patxadaz bai, baina ez lasaiegi. Athletic Tromso baino hobea da, baina hori zelaian erakutsi behar da, eta San Mamesen ez zuen lortu.

Tromsorena Ipar Polotik gertuen dagoen Lehen Mailako estadioa da. Hiria bera Artikorako espedizio eta txango gehienak handik irteten direlako da ezaguna. Gaur 11 gradu inguru espero dira, eta partidan behera egingo du tenperaturak. Mahuka luzeko elastikoa, beraz. Ez da bero bila joateko tokirik egokiena, baina Athleticek hori behar du, zaleen aldartea -eta bide batez taldearena- epeltzea. Denboraldi-aurrea ez da ona izan, Young Boys baino gutxiago izanda kanporatu zuen Suitzako taldea, Bartzelonaren aurka ezinean aritu zen eta Tromsoren aurkako joanekoa kalbarioa izan zen. Athleticek gaur du liga hasi aurretiko lehen albiste ona jasotzeko aukera. Aldiz, galduko balu, hotza eta urduritasuna areagotuko lituzke. Denboraldi osoan Europan egoteko aukera baliatu ez zela entzutea Artikoko gau luzea bezalakoa litzateke.

Hain iparraldera dagoen zelai bat belar artifizialekoa behar du izan ezinbestean. Kasu honetan, baina, eta agian San Mamesen irabazteko pasatutako komerien ondorioz, zelaiak ez du Young Boysen aurkako kanporaketan adina zeresanik eman. Tromsorenak eta Suitzakoak antzeko ezaugarriak dituzte. Norvegiarrena askoz handiagoa da. 110 metro luze da eta 70 metro zabal. Guztira zelaiak San Mameskoak baino 500 metro koadro gehiago ditu. Non kabitu ez edukitzeagatik ez da izango. Ate atzeetan, gainera, ez dago harmailarik, eta haize hotz-hotzak libre joko du.

Hobe zain egotea

Tromsok ondo jokatu zuen San Mamesen, eta bi aldiz aurreratu zen -0-1 eta 1-2-. Joanekoan Athleticek hartu zuen jokoaren ekimena, eta norvegiarrak oso eroso aritu ziren kontraerasoan. Jokalari biziak dituzte, Moldskred nabarmendu zen, eta min handia egin zuten baloia lapurtu zutenean. Gaur, baina, gidoia aldatu egingo da. Tromsok du gola sartzeko ardura, eta ezingo du itxaron. Baloia hartu beharko du, eta horrek bi taldeen arteko aldea azalera dezake.

Hamaikakoari dagokionez, Joaquin Caparrosek joaneko partidako eta denboraldi-aurreko lehia garrantzitsuetako bera erabiliko du. Zalantza pare bat izan dezake, Ociok kolpe handia hartu zuelako belaunean eta Toquerok San Mamesko partidako bueltan eragin handia izan zuelako. Ocio sendatuko ez balitz, bi aukera edukiko lituzke Caparrosek: Mikel San Jose, batetik -bide batez aurreneko minutuak jokatuko lituzke elastiko zuri-gorriarekin-, eta Ustaritz, bestetik. Halere, litekeena da aldaketa askorik ez egotea eta Gasteizko erdiko atzelaria eta Iker Muniain gaztea aritzea hasieratik.

Harmailak bete egingo dira. UEFAren segurtasun arauak direla medio, 6.000 ikusle baino ez dira egongo harmailetan, eta aspaldi saldu zituzten sarrera guztiak. Etxeko taldeak ere ilusioa handia du Europa Ligan, eta Tromsoko jokalariek Athletic kanporatzeko gai direla nabarmendu dute. 1-0 irabaztea aski dute, eta denboraldiari pizgarri bat emango liokete, etxeko ligan ez baitabiltza oso fin. Aurreko sasoian hirugarren izan ziren, baina egun bederatzigarren postuan daude, jaitsiera postuetatik sei puntura. Etxean jokaturiko azken partidan 0-1 galdu zuen, Lehen Mailara igo den talde baten aurka. Ilusioa, baina, ez da aski, eta logikak dio San Mamesen galdu zutela euren aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.