Athleticek lehen aldiz irabazi nahi du Espainiako Kopa

Talde zuri-gorria da faboritoa gaur finalean: Espanyolen aurretik sailkatu zen ligan, eta ez zuen galdu haren aurka

Athleticeko jokalariak, Bartzelonari sartutako goletako bat ospatzen. ATHLETIC.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Athleticek bere historiako bosgarren titulua irabaz dezake gaur. Horretarako, Espanyoli irabazi behar dio Espainiako Kopako finalean. Hain zuzen ere, Herrialde Katalanetako taldeari nagusituz gero, talde zuri-gorriak lehen aldiz irabaziko luke Kopa, eta Añorgari eta Oiartzuni hartuko lieke lekukoa. Gipuzkoako bi talde horiek 1980eko eta 1990eko hamarkadetan irabazi zuten Espainiako Kopa: Oiartzunek, bitan (1987an eta 1988an), eta Añorgak, hirutan (1990ean, 1991n eta 1993an). Beraz, Athleticek eskura du ia hogei urteko lehortea amaitzea. Finala jokatuko duen lehen aldian lortu nahi du titulua.

Zuri-gorriak dira faborito. Batetik, Espanyolen aurretik sailkatu ziren denboraldi honetan Espainiako Ligan —Athletic bigarren izan zen, eta Espanyol hirugarren, hamabost puntu gutxiagorekin—. Bestetik, sasoi honetan elkarren aurka jokatu duten bi partidetan zuri-gorriek ez dute inoiz galdu: 4-1 irabazi zuten Lezaman, eta hutsean berdindu zuten Bartzelonan. Azkenik, herenegun Kopako finalerdietan gertatutakoa hartu behar da kontuan. Athleticek nagusitasunez irabazi zion Bartzelonari, Ligako txapeldunari (2-0). Espanyolek, ordea, penaltietan kanporatu zuen Rayo Vallecano, arauzko denbora banakoarekin amaitu ondoren. Hain zuzen ere, Espanyoleko jokalariek pilatutako nekeak mesede egin diezaioke Athletici, ahalegin handiagoa egin baitzuten eta atseden hartzeko denbora gutxiago izan baitute.

ATHLETIC-ESPANYOL

Athletic. Ainhoa; Joana Flaviano, Irune Murua, Iraia; Orueta, Olabarrieta, Ibarra, Erika, Saioa; Guru eta Irene.

Espanyol. Mariajo; Andrea Pereira, Marta Torrejon, Sonia Matias, Mari Paz Vilas, Vanesa Gimbert; Monforte, Debora Garcia, Meseguer; Lara Rabal eta Brenda.

Lekua. Las Rozasko Futbolaren Hiria (3.000 ikusle).

Ordua. 11:00 (MarcaTV).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.