Athleticek azken orduan eman dio buelta markagailuari Lezaman (Bizkaia), Realaren aurkako partidan, eta Oihane Hernandez izan da aldaketa horren sustatzaile nagusia. Partida amaitu baino hogei minutu lehenago atera da, Amaiur Sarriegik egindako lehen gola berdindu du, eta 2-1aren pasea egin dio Lucia Garcia Cordobari.
Lucia Garciak itxi egin du, hala, hutsegitez betetako partida. Indartsuago hasi da Athletic, eta bosgarren minuturako bi iritsiera arriskutsu izan ditu, Luciaren eta Maria Diazen erremate banarekin. Lehen aukera, halere, Realarena izan da. Gemma Gilik urrunetik egin duen jaurtiketa batek goiko zutoina jo du.
Partidak oreka izan du tarte batez, baina etxekoek haren gaineko kontrola hartu dute gero, eta dozena erdi bat aukera izan dituzte atsedenaren aurretik. Argiena, Luciaren eta Olatzen arteko buruz buruko bat; gehiegi gurutzatu du. Realak eduki du baloia, baina ez du aukera askorik sortu.
Bigarren zatia berdinduago hasi da, eta aukera nabarmenik gabe. Realeko Amaiurren jaurtiketa bat kanpora bidali du De la Navak, eta Athleticeko Yulemak kontraeraso batekin erantzun dio, baina ez dute golik egiterik izan.
Bi taldeak ari ziren atera iristen, baina aukera guztiek berdin bukatzen zuten: hutsean. 0-0 emaitzak amaierara arte iraungo zuela uste zutenean, ordea, Oihane zelaira sartu da, eta partidak beste bizitasun bat izan du.
Amaiurrek 82. minutuan sartu du 0-1ekoa, Barbara Latorrek eskuinetik egindako jokaldi on baten ondoren. Athleticek aurre egin dio, partida galdua zuela zirudienean, eta berdindu egin du, 89. minutuan, Oihanek egindako erdiraketa gaizto bat ateraino sartuz. Geroago, 92. minutuan, Oihaneren erdiraketak Lucia zuen zain, eta gol horrek hiru puntuak eman dizkio etxeko taldeari. Bederatzigarren postuan da Athletic, eta laugarrenean Reala, bosgarrenarekiko puntu bakarraren aldearekin.