Athletic 1-0 Bartzelona

Athleticek miraria egin du berriro ere

Espainiako Kopako finalerdietan da Bilboko taldea, luzapenean Williamsek sartutako gol bati esker. Emozio eta intentsitate handiko partida izan da San Mamesen jokatutakoa.

Iñaki Williams, garaipenaren gola ospatzen. MIGUEL TOÑA / EFE
ainara arratibel gascon
2020ko otsailaren 6a
09:56
Entzun

Golak. 1-0: Williamsek (94. min.). Epailea. Martinez Munuera. Txartelak. Athleticeko Yerayri, Dani Garciari eta Vesgari eta Bartzelonako Semedori, Albari,Piqueri Messirim eta De Jongi . Bestelakoak. San Mames bete egin da, eta giro aparta izan da.

Beste behin ere miraria egin du Athleticek, eta Espainiako Kopako finalerdietan da, 94. minutuan Williamsek Ibai Gomezen erdiraketa bat sarera bidali eta gero. Festa handia piztu da San Mamesen. Hobea izan da Bartzelona, baina zoria alde izan du Athleticek, aurreko bi kanporaketetan bezala. Haiek penaltietan gainditu zituen Gaizka Garitanoren taldeak. Gaur ez da hain larri ibili, eroso ere ibili ez den arren. Baina, ligan egin zuen bezala, berriro ere miraria egin du. Orduan Aduriz izan zen. Gaur, Williams.

Gau itzela izan da San Mamesen. Baina partida ez da ona izan. Athleticek ondo hasi du lehia, presioa ondo eginez. Baina lehen aukera garbia Bartzelonak izan du, 7. minutuan, Ansu Fatiren oinetan. Athletic saiatu da hegaletatik min egiten, eta arriskua sortzen. Hortik iritsi da korner bat, eta Williamsek gola sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du, aurrelaria jokoz kanpo zegoelako (10. min.).

Pixkanaka, Bartzelona partidaren kontrola hartzen joan da. Athleticen, berriz, atzelarien eta zelai erdiko jokalarien arteko distantzia handitu da, eta hori baliatu egin du Quique Setienen taldeak, baloia pazientziaz mugitu eta  partida landuz joateko. Rakitic, De Jong eta Busquets hirukoa nagusi zen, baina sakontasunik gabe hortik aurrera, gol aukerak sortzeko.

Unai Simonengana gerturatu badira, gehiago izan da Athleticeko atzelariek egindako hutsengatik. Zuri-gorriak adorez eta bultzaka iritsi dira Ter Stegenen areara, erdiraketa eta baloi luzeen bidez, Raul Garcia eta Williams bilatuz. Tentsio handiko partida izan da lehen zati horretako azken txanpan, baina erritmo motelekoa. Bi taldeek zekiten zer zuten jokoan. Eta hala iritsi da atsedenaldia.

Bigarren zatian, Athleticek hauspoa behar zuen lehen zatian egindako presioari eusteko. Eta lehenengoaren bidetik hasi da. Bizkaitarrak ahalegindu egin dira lerro artean zuloak topatzen, baina ezin, Bartzelona sendo aritu baita defentsan. Harrigarria bada ere, blaugranak hobeto aritu dira defentsan, erasoan baino.

Quique Setieni kostatzen ari zaio bere jokatzeko era ezartzea, eta gaur beste behin ikusi da hori. Messik baino ez dio jarri erritmoa baloiari, eta, ondoren, atera denean, Griezmmanek. Hark egindako jokaldi batean, ondo eman dio baloia De Jongi, eta ondo errematatu du erdilariak, baina berriro ere gelditu ona egin du Unai Simonek. Ondoren, frantziarrak aukera garbia huts egin du: baloi argia jaso du area erdian, eta bigun errematatu du.

Hala igaro da bigarren zatiko lehen ordu laurdena. Athletic ez da gai erasoan jokaldiak lotzeko, eta Williamsen korrikaldiek baino ez diote ematen hauspoa. Izan ere, gainerako taldekideak behera egiten hasi dira minutuak aurrera egin ahala. Ez zen harritzekoa, egindako ahalegin fisikoaren ondoren.

Luzapena gertu zela, gola egiteko aukera izan du Williamsek. Baina ez du asmatu. Eta ematen zuen partida luzapenera zihoala, eta Athleticek berriro penaltietara jokatuko zuela Kopan jarraitzea. Baina orduan iritsi dira gola eta zoramena San Mamesera, 93. minutuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.