futbola

Athleticek Moskun belar artifizialean eta 17 gradu azpitik direla jokatuko du

Datorren asteko ostegunean jokatuko du Lokomotiven aurka, Europako Ligako final-hamaseirenetako joanekoan. Egingo duen hotzagatik erabaki du etxeko taldeak zelaia aldatzea.

2012ko otsailaren 7a
17:00
Entzun

Ez du Athleticek baldintza onetan jokatuko etzi zortzi Moskun Lokomotiven aurka: belar artifizialean izango da partida eta zero azpitik hamazazpi gradu egongo direla aurreikusi dute hango metereologia zentroek. Europako Ligako final-hamaseirenetako joanekoan ariko dira.

Tenperatura hotzagatik erabaki du Lokomotiv Moskuk estadioa aldatzea —Luzhnikin ariko dira—, gaur Olga Smorodskaia klubeko presidenteak esan duenez. Haren arabera, hotz horrekin ohiko zelaian berogailua bete-betean jarriko balute, belarra erre egingo litzateke, eta Errusiako Ligari laster ekingo diote berriro, neguko etenaren ostean. Nahiago dute, beraz, belar artifizialeko zelaian jokatzea.

Luzhnikik astebetean Europako lehiaketetako hiru partida hartuko ditu: asteartean Europako Ligako Rubin Kazan-Olympiakos, ostegunean Lokomotiv Mosku-Athletic eta hilaren 21ean Txapeldunen Ligako CSKA Mosku-Real Madril.

84.500 lagunentzako tokia du estadioak. 2008an Txapeldunen Ligako finala izan zen han: Chelsea-Manchester United —honek irabazi zuen, penaltietan—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.