FUTBOLA. ESPAINIAKO KOPA

Athleticek serio hartu du Kopa (0-0)

Zuri-gorriek eta Malagak final-laurdenetako itzulerako partida buruan zutela jokatu dute

Aymeric Laporte sarrera bat egiten. J. Z. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko urtarrilaren 22a
08:28
Entzun

Itzulera zuten buruan bi taldeek. Agerikoa zen. Kanporaketa bateko joanekoa ez da partida arrunta. Askotan beldurrak jokalari eta entrenatzaileak irensten ditu. Aurretik 90 minutu gehiago izateak dena baldintzatzen du. Eta berdinketa emaitza ona al da? Non da hobe itzulera jokatzea, etxean edo kanpoan? Asko filosofatu da horren inguruan. Dena den, eta emaitzaz haratago, Athleticek itxura ona eta sendoa eman zuen atzo Malagan. Koparen aldeko apustua serioa dela dirudi, final-laurdenetako langa pasaz gero bide egokia du finalera iristeko, eta baliteke hor egotea liga mikatza goxatzeko azukrea. 

Partida trabatua izan zen atzokoa. Erritmorik ez zitzaion falta izan, bai ordea aukerak eta joko ona. Athleticek ere ez zuen egin, baina behintzat ez zuen galdu, ezta sufritu ere. Bilboko taldeak kontrolpean izan zuen partida eta Malaga ondo lotu zuen. Lehen zatia idorra izan zen, eta bigarrenean, etxekoak gora egiten saiatu zirenean, Athleticek ondo lotu zuen erauntsia. Malagak ere ez zuen beste munduko ezer erakutsi, eta emaitza gustuko zuela zirudien. Gaur zortzi San Mamesen zerbait urratzeko kapaza dela badaki Javi Graciak.

Ernesto Valverdek korrika egiteko hamaikakoa zelairatu zuen. Gaztetxea hustu eta Williams, Lopez eta enparauak hasieratik aritu ziren. Eta egin zuten korrika, defentsan bereziki, Malaga deseroso jokatzera behartuz. Bada zerbait, batez ere Athletic nondik datorren ikusita, eta aurkaria ligako zazpigarren sailkatua dela kontuan hartuta. Eraso jokoa, baina, ezberdina izan zen. Aritz Aduriz ez dagoenean asko nabaritzen da, eta taldeak arazo gehiegi ditu jokoa sortzeko.

Lehen zatian hori gertatu zen, eta Williams izan zen ezin horren eredu. Athleticzaleek Lezamako harribitxia distira egiten ikusi nahi dute, eta desiratzen ari dira haren gol bat ospatzeko, baina oraindik zailtzeke dago. Baloia hartu zuen bakoitzean munduaren aurka egin zuen, baina biderik urratu gabe. Baloiari eusteko garaian ere ez zen fin ibili. Badu gorputza baloia bizkarrez kontrolatu eta mantentzeko, baina aireko jokoan gabeziak ditu.

Bigarren zatian Malagak gora egin zuen, baina erotu gabe. Lehen hamar minutuetan jokoa bizitu zuen, aurrerapauso bat emateko gogoz balego bezala, baina ez. Amrabat izan zen adore gehien jarri zuena eta borroka polita izan zuen atzelariekin. Ez ziren kolpeak izan, keinuak baizik. Hots asko baina min gutxi. Kanporaketak heldu den astean izango du bigarren ekitaldia, ziur entretenigarriagoa izango dela.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.