Hilberria. Txutxi Aranguren

Athleticeko handietako bat

Julen Etxeberria.
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Gaur 19:00etan emango diote azken agurra Txutxi Arangureni bere jaioterrian, Portugaleten (Bizkaia). Jesuiten eliza txiki geratuko da, asko eta asko joango baitira Athleticeko eta Alaveseko entrenatzaile izandakoaren aldeko hileta elizkizunera. Aranguren herenegun gauean hil zen, bihotzekoak jota, 66 urte zituela. Haren bat-bateko heriotzak atsekabe handia eragin du euskal futbolean. Ez da gutxiagorako, haren kirol ibilbidea oso lotuta egon baita Euskal Herriko taldeetara, Athleticera batez ere, bai jokalari gisa, bai entrenatzaile gisa.

Arangurenek Athleticen egin zuen ibilbide osoa jokalari profesionala izan zenean. Hamahiru denboralditan jokatu zuen talde zuri-gorrian, 1962-1963 sasoitik 1974-1975era. Tarte horretan 318 partida ofizial jokatu zituen, lau gol sartu, eta Espainiako bi Kopa irabazi (1968-1969 eta 1972-1973 denboraldietan). Arangurenek atzealde gogoangarria osatu zuen Iñaki Saezekin eta Luis Mari Etxeberriarekin batera —ezker hegaleko atzelaria zen Aranguren—. Haiek zaintzen zuten Jose Angel Iribarren atea.

1975ean hartu zuen erretiroa Arangurenek. Athleticen jarraitu nahi izan zuen, baina ez edozein tokitan. «Ni ez naiz Lezaman geratuko baloiak jasotzeko», bota zuen orduan. Horrela hasi zuen entrenatzaile ibilbidea: Athletic B, Alaves, Recreativo, Cartagena, Levante, Deportivo, Logroñes —Lehen Mailara igo zuen—, Sporting, Athletic —Iñaki Saez ordezkatu zuen 1991-1992 sasoian, eta hamasei partidatan zuzendu zuen lehen taldea—, Alaves berriro —Bigarren Mailara igo zuen— eta Alaves B. Horrez gain, Lezamako koordinatzailea ere izan zen, eta Bizkaiko selekzioko hautatzailea.

Harekin bat egin zutenek haren umorea goraipatu dute. Gogorra zen zelaian, baina oso ezberdina zelaitik kanpo. «Oso alaia zen. Galera handia da haren heriotza»,aitortu zuen atzo Iribarrek. Horrela, beti aldarte onean gogoratzen dute orain dela hamar egun eskas berarekin batera bazkaldu zuten Athleticeko hainbat jokalari historikok: Iribarrek, Javier Iruretak, Javier Clementek, Koldo Agirrek, Txetxu Rojok, Saezek... Denak bat datoz: «Athleticeko handietako bat zen, eta gutako bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.