Azken prestaketen unea da Bukaresten. Atletico Madril-Athletic Europako Ligako finalaren bezperan, dena ia prest dute Estadio Nazionalean, Bukarest erdigunean nahiz inguruko hoteletan. Dagoeneko hirian daude Athleticeko 500 bat zale, eta gehienak gaur-biharretan heltzea espero da. Gaur, bederatzi hegaldi lurreratuko dira; bihar, berriz, 24.
Jokalariak atzo iritsi ziren Loiuko aireportutik, eta Crowe Plaza hotelean hartu dute ostatu. Gaur iluntzean entrenatuko dira Estadio Nazionalean, biharko partidaren atarian (20:45).
Athleticen gunea ere prest dago jada, Bukaresteko Parlamentuaren itzalean. Eguraldi ederra dute gaur Bukaresten. Eguzkia, eta 38 gradu. Biharko, ordea, euria iragarri dute, eta horrek baldintzatu egingo du zelaia.
Athleticeko zaleek Lisboara egindako azken irteeran izandako giroa espero dute Bukaresten ere.