FUTBOLA

Athleticen bolada onak ez du etenik (3-1)

Athleticek nagusitasunez irabazi dio Espanyoli San Mamesen, eta jada bost jardunaldi daramatza galdu gabe; azken hamabost puntutatik 11 eskuratu ditu

Aduriz, lehen gola ospatzen. ARGAZKI PRESS
Julen Etxeberria.
2014ko azaroaren 21a
22:35
Entzun

Zalantza zegoen ez ote zion kalte egingo etenaldiak Athletici, ez ote zuen etengo talde zuri-gorriak ligan zeraman gorako bidea. Bada, ez. Etenak ez du ezer eten. Athleticek beste pauso bat eman du hilabete eta erdi atzera ligan hasi zuen gorako bidean. 3-1 irabazi dio Espanyoli, San Mamesen, eta jadanik bost dira galdu gabe daramatzan jardunaldiak. Jokoan egon diren azken hamabost puntutatik 11 eskuratu ditu: hiru neurketa irabazi ditu, eta bi berdindu. Tokitan geratu dira lehen zazpi jardunaldietan pilatutako estatistika eskasak: 21 puntutatik lau besterik ez zituen bereganatu.
Bolada on horrek izan du ondoriorik, ondorio onik noski. Jauzia eman du sailkapenean Athleticek: azkena zen hilabete eta erdi atzera, eta bederatzigarren da orain, Vila-real zortzigarren sailkatuarekin berdinduta. Hala ere, oraindik distantzia berera ditu Europako eta jaitsiera postuak, sei puntura, hain zuzen. Baina jakina, oso bestelakoa da aldartea orain. Goraka doa talde zuri-gorria, etenik gabe. Kostata, baina pixkanaka-pixkanaka ari da gerturatzen aurreko sasoian emandako maila bikainera. Falta zaio oraindik, baina aldea jada ez da horren handia, eta denbora du oraindik horretara iristeko. Pena bakarra da honezkero ihes egin diola aurreko denboraldian egindako lan bikainaren sariak, Txapeldunen Ligak. Baina badu aukera oraindik gutxienik Europako Ligan segitzeko. Ez da sari potoloa, baina saria da ere bai. Eta hori lortzeko bidean on egin diezaioke ligan daraman gorako bideak.
Erraz irabazi dio Espanyoli. Zoritxarreko ezustekorik ez da egon oraingoan. Azken hiru sasoietan ez bezala, etxean geratu dira hiru puntuak, bat bera ere ez da joan Bartzelonara. Ezta merezi ere, ezer gutxi egin baitu Espanyolek. Egia esanda, Athleticek ere ez dio inolako aukerarik eman.
Beste behin, Aritz Aduriz izan da onena. Aurrelariak ez zuen jokatu ligako azken partida, Valentziaren aurkakoa, min hartuta baitzegoen. Osatu ostean berriro jokatu du, eta berriro erabakigarria izan da. Lehen gola sartu du, Susaetak ateratako korner bat buruz errematatuz, ordu erdia betetzear zela. Donostiarrak bost gol daramatza ligan, Athleticek sartutakoen erdiak. Baina golak sartu bakarrik ez, golak eman ere ematen ditu, eta Athleticek sartutako bigarrena eman dio Borja Viguerari, aurrelariak talde zuri-gorriarekin neurketa ofizial batean lehen gola sar dezan. Atsedenaldia iristear sartutako gol horrek bideratuta utzi du garaipena. 77. minutuan Ander Iturraspek urrutitik sartutako gol ederrak, berriz, azkena eman dio Espanyoli. Ezertarako ez du balio izan Victor Sanchezek amaieran sartutako golak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.