Futbola

Athleticen eta Realaren arteko derbia San Mamesen jokatuko da

Irailaren 12an izango da, eta estadioan edukieraren %30 sartu ahalko dira.

Sophie Istillart eta Gemma Gili baloiaren lehian, iazko denboraldiko partida, Zubietan. JON URBE / FOKU
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko abuztuaren 30a
16:43
Entzun

Athleticek eta Realak San Mamesen jokatuko dute Primera Iberdrolako bigarren jardunaldiko partida. Datorren irailaren 12an (12:00) neurtuko dituzte indarrak, eta Athleticeko bazkideek soilik izango dute aukera bertatik bertara ikusteko, gaur egungo murrizketak direla medio.

Realaren lehen aldia izango da San Mamesen jokatzen; Athleticena, aldiz, ez. Duela bi denboraldi, birritan jokatu zuten bertan zuri-gorriek, eta erantzun bikaina izan zuten zaleen partetik. Espainiako Kopako final-laurdenetako Atletico Madrilen aurkako partidan 48.121 ikusle izan ziren; inoizko kopururik handiena nesken partida batean Europan. Eta, bi aste beranduago, San Mamesen jokatutako Athletic-Levante norgehiagokan 25.000 zale izan ziren. Kasu honetan, edukieraren %30 sartu ahalko dira (15.986).

Gainera, asteburu honetan abiatuko da emakumezkoen denboraldia. Alavesen igoerarekin, guztira lau talde euskaldun izango dira Primera Iberdrolan. Denei egokitu zaie igandean jokatzea: Eibar-Sevilla (11:00), Alaves-Betis (12:00), Reala-Valentzia (16:00) eta Madril CFF-Athletic (19:00).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.