Gaurko partidak konfiantza berreskuratzeko partida izan behar zuen, baina kontrako bidea hartu du. Athleticek ez du lortu Ukrainako Zoria taldea mendean hartzea. Ihor Kharatinek gola egin du 26. minutuan, etxekoek gaizki babestutako kornerrean, buruz errematatua. Horixe izan da partidako gol bakarra.
Aurretik, Athleticek izan ditu gola sartzeko aukerak, baina ez du asmatu. Jokoaren bizitasuna pixka bat apaldu duenean heldu da Zoriaren gola, eta lehenengo zatian ez da erreakzionatzeko gai izan. Bigarrenean, biziago zelairatu dira zurigorriak eta baloia ukrainiarren atetik gertuago egon da. Aldiz, Lunin Zoriako atezainak partdia bikaina jokatu du, eta gelditu ikusgarriekin eragotzi du zurigorrien berdinketa.
Europa Leagueko lehen bi jardunalditan puntu bakarra eskuratuta, hobekuntza handia beharko dute Kuko Zigandaren mutilek final hamseirenetan sartzeko.
Emaitza eta irudi txarra ez dira izan nahikoa gaurko zorigaiztorako, eta Muniainek min hartuta utzi behar izan du zelaia, partidaren amaieran.
San Mamesek txistuekin agurtu du taldea. Txaloak izan ditu lehen zatiko 17. minutuan, eta botopaperak erakutsi dituzte ikusle askok, Kataluniako erreferendumari atxikimendua adierazteko.