Athleticek galdu egin du, sei partidaren ondoren. Denboraldiaren hasieran, Bartzelonaren kontra galdu zuen San Mamesen, eta oraingoan ere ezin izan dio irabazi Camp Noun, Ligako 21. jardunaldian. Lehen zatitik hartu du aurrea Bartzelonak, eta, Athletic eusten saiatu den arren, azkenean ihes egin dio partidak.
Zuri-gorriek ez dute gol aukera askorik izan lehen zatian, eta Bartzelona eroso aritu da. Leo Messik sartu du lehenengo gola, faltaz, 20. minutuan. Bigarren zatian biziago aritu da kanpoko taldea, batez ere ezker hegaletik, Yuri Berchicheren jokaldien bidez.
49. minutuan, Raul Garciak egindako erdiraketa bat errematatu eta bere atean gola sartu du Jordi Albak. Partida berdinduta, Athletic saiatu da indarra biltzen, baina ez dio asko iraun. Bartzelona ere puztu egin da pixkanaka, eta Griezmannek 74. minutuan sartu duen golarekin itxi du markagailua.