Futbola

Athletici omenaldia egingo diote bihar Bilbon

Taldekideak bihar arratsaldean estaligabeko autobusean ibiliko dira hirian, eta Udalak eta Foru Aldundiak harrera egingo diete. Athletic gaur 19:00ak aldera iritsiko da Loiuko aireportura. Bartzelona 1-4 nagusitu zen atzo Espainiako Kopako finalean.

2009ko maiatzaren 14a
18:26
Entzun
Athleticek ezin izan zuen atzo Espainiako Kopa irabazi -1-4 nagusitu zen Bartzelona-, baina, hala ere, bihar omenaldi beroa jasoko du Bilbon. Taldea estaligabeko autobusean ibiliko da hirian, 18:00etatik aurrera. San Antonen abiatuko da autobusa eta 19:15ean udaletxera helduko da. Ibilbidea: San Anton, Erribera, Areatzako pasealekua, udaletxea. Ibilbide osoa hesituta egongo da.

Udalak harrera egingo dio taldeari, eta ondoren autobusean segituko dute Athleticekoek, Bizkaiko Foru Aldundiraren egoitzara arte -Kale Nagusian dago-. Aldundiak 21:15ean egingo die harrera.

Gaur arratsaldean helduko da Athletic Euskal Herrira Valentziatik (Herrialde Katalanak). Hotelean bazkaldu du, seietan hartu du hegazkina eta 19:00ak aldera iritsiko da Loiuko (Bizkaia) aireportura.

Makuak "klub bezala hazteko" baliatu nahi du finaleko giroa

Fernando Garcia Makua Athleticeko presidenteak finaletik ondorio onak eta "etekina" atera gura ditu. "Partida honen inguruan sortu dena baliatu eta klub bezala hazteko balio beharko liguke". Hala esan du gaur goizean Valentzian, hotel batean eman duen prentsaurrekoan. "Kirol proiektua indartu" nahi dutela adierazi du Makuak.

Athleticeko jarraitzaileek Valentzian izandako portaera txalotu du, eta bera horrekin geratzen dela aitortu du. Batik bat, finala hasi aurretik Athletic Hiria karpatik Mestalla estadiorako unea izan du gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.