ATLETISMOA. MUNDUKO TXAPELKETA BERLINEN. Dominarik gabe geratu da Jelena Isinbaieva

Kenenisa Bekelek irabazi du 10.000 metroko finala, baina ez du munduko marka ontzerik lortu

unai zubeldia
Donostia
2009ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Gehiegizko konfiantzak eragindako huts nabarmena egin zuen atzo Jelena Isinbaieva errusiarrak pertika jauzian. Urrea irabazten dutenak izaten dira normalean albiste txapelketetan, baina errusiarraren hutsa bihurtu zen atzo Berlingo Munduko Txapelketetan hizketa gai. Ohi duen moduan, atleta gehienak lanak amaituta zeudenean hasi zen Isinbaieva lanean, 4,75 metroko langan. Kontzentratu, korrika hasi, jauzi egin eta urrea kolkoratu. Hori izaten da normalean errusiarraren errutina. Baina atzo huts egin zuen.

Huts egin zuen lehen jauzian, 4,75 metrokoan, eta hor hasi ziren komeriak. Anna Rogowska poloniarrak -urrezko domina irabazi zuen- garbi-garbi jauzi egin zuen 4,75 metroko langaren gainetik, eta are gehiago estutu zuen errusiarra. 4,75etik 4,80 metrora igo zuen langa Isinbaievak, lehen jauziko hutsa konpondu, eta, bide batez, lehen postua eskuratzeko. Baina hor ere huts egin zuen lehen jauzian.

Azken aukera zeukan, eta hirugarren jauzi horretan ere amore eman behar izan zuen. Egindako hutsa sinetsi ezinda, eta finala azken postuan amaituta, negar malkotan urtu zen errusiarra. Munduko 26 marka dauzka eginda orain arte, eta 2003an Parisen hirugarren izan zenetik, lehen huts larria egin zuen atzo, ordutik txapelketa nagusi guztiak irabazita baitzegoen. Duela hilabete ere, Londresen, Anna Rogowskak kendu zion lehen postua, 4,68 metroko jauziarekin.

Bekele, ohi duen moduan

Azkenaldian bezala, Kenenisa Bekelek (Etiopia) aise irabazi zuen atzo gizonezkoen 10.000 metroko finala, Munduko Txapelketako marka eginda (26.45, 11). Laugarren aldiz irabazi du jada Munduko Txapelketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.