Ez zen Athleticen neurketarik onena izan. Urtea hasi zenetik ez dabil fin talde zuri-gorria. Ez dauka Gabon aurretik zuen txispa. Aurkariak askoz gehiago izan ez arren, asko ari zaio kostatzen garaipenerako bidea aurkitzea. «Beharbada ez gara gure unerik gozoenean egongo», esan zuen Gurpegik. Beharbada barik baieztatu daiteke hori. Athletic ez dago ondo. Freskotasuna galdu du. Defentsan ez du duela hilabete biko sendotasunik erakusten. Zelai erdiko jokalariek indarra galdu dute, eta jakinekoa da euren aurretik aritzen diren taldekideen laguntza barik zer-nolako gabeziak erakusten dituzten atzelariek. Baina, batez ere, erasoan galdu du eraginkortasuna Caparrosen taldeak. Athleticen jokoa zein den jakinekoa da. Baloiaren jabetza hartu bezain laister burua jaso eta Fernando Llorente non dagoen begiratu behar dute jokalariek. Hori da aulkitik behin eta berriz jasotzen duten agindua. Erdiko aurrelariari eman behar zaio baloia. Hori da Athleticek erasorako pentsatuta daukan gauza bakarra. Aurrelariaren lana da bere kabuz arriskua sortzea edota ingurukoek errioxarrak bereganatzen duen arreta baliatzea. Horrek funtzionatzen ez badu, galduta dago Athletic. Ez dauka alternatibarik. Ez dauka arriskua sortzeko beste erarik. Beste ezer landu ez dutenez, ez dakite zer egin Llorente ondo zainduta dagoenean. Erasoko jokalariak bere lekuan geldi geratzen dira askotan, euskarriek zer egin ez dakiten bitartean. Ez dakite zer egin behar duten eta. Horrek urduritu egiten ditu futbolariak, eta nahasmena ere sortzen du. Esaterako, aspaldian oso berekoi ari da jokatzen Llorente bera. Baloia hartu eta inori begiratu barik bere kabuz amaitu gura izaten du jokaldia. Eta hori ezinezkoa da. Messik ere ezin du hori egin.
Tenerife mendean hartzeko Llorenteren ekarpena baino gehiago beharko du Athleticek. Irlako taldearen lehentasuna izango da Llorente kate motzean lotzea. Horretarako, erdiko atzelari indartsuak zelairatzeaz gain, jokalari horien ingurua ere babestuko du Jose Luis Oltra entrenatzaileak. Beraz, hegaletatik jokatzen duten zuri-gorrien parte hartzea sustatu beharko du Caparrosek. Gainera, ez da ahaztu behar Tenerife ez dela talde indartsua defentsako jokoan. Ondorioz, etxetik kanpo emaitza onak eskuratzeko sekulako arazoak ditu. Egun, jaitsierako postuetan dago. Duda barik, etxetik kanpo erakutsitako gabezien ondorioa da. Bi puntu baino ez ditu eskuratu. Eta, neurri handi batean, taldeak duen jokatzeko erarengatik da. Oltrak joko alaiaren aldeko apustua egin du. Baina jakinekoa da zer gertatzen den horrela jokatuz gero gauzak oso ondo egiten ez direnean. Zain dagoenak aprobetxatu egiten duela, alegia. «Tenerifek gustuko du baloia berak izatea. Bere jokatzeko estiloa Bartzelonaren antzeko da. Etxetik kanpo horrela jokatzea arriskutsua dela uste dut», adierazi zuen Koikilik.
Atzelari bizkaitarra hasierako hamaikakora bueltatuko da gaur. Sasoia hasi zenetik txandatu egin ditu Caparrosek Koikili eta Castillo, eta gaur ezker hegaleko txikiari egokituko zaio jokatzea. Ez da, ordea, hamaikakoko aldaketa bakarra izango. Zelai erdian dauka arazo gehien teknikari zuri-gorriak. Madrigalen, partida galtzeaz gain, euskarri titular biak ere galdu zituen Athleticek gaurko neurketarako. Javi Martinezek eta Orbaizek ezin izango dute jokatu. Taldearen motorra goitik behera aldatu beharko du, beraz, entrenatzaile zuri-gorriak. Jokalari garrantzitsuak falta arren, egungo Athleticek badauka hasierako hamaikakoan ohikoak direnak ordezkatzeko aukera. Gurpegi eta Iturraspe izan daitezke zuri-gorrien jokoa antolatzeko aukeratutakoak. Andosillakoa gustuko duen postura itzuliko da. Iturrasperentzat, berriz, beste azterketa bat da. Orain arte detaileak baino ez ditu erakutsi, eta jakinekoa da Lehen Mailan jarraikortasuna izateko ezinbestekoa dela detaileak baino gehiago erakustea. Bestalde, Gurpegiren postu aldaketak hasierako hamaikakoko ateak zabalduko dizkio Susaetari. Eibartarrak sakontasuna emango dio taldeari. Etxeko partidetan beti jokatu behar luke. Ezkerrean, berriz, Gabilondok joka dezake. Aurrean, Toquero aritu daiteke De Marcosen partez. Aldaketa asko taldearen itxura aldatzeko.