Gorputzaldi txarrarekin utzi zituen zaleak Osasunak asteazkenean Racingen aurka 0-3 galdu eta Espainiako Kopatik at geratu ostean. Ilusio ikaragarria eragin zuen Kopak Iruñean, eta ilusio hori zapuztu egin zuen Racingek. Orain Liga besterik ez zaio geratzen Osasunari, eta mailari eusteko behar dituen puntuak batzeko lanean hitzordu garrantzitsua dauka gaur Jose Antonio Camachoren taldeak, Madrigalen. Vila-real ez da aurkari samurra, erronka benetan zaila dute nafarrek, baina Kopako atsekabea ahazteko lehenbailehen puntuak batzen hasi beharra dute. Kopatik at geratzeaz gain, partida kaskarra jokatu zuten, eta zaleei pozen bat eman beharrean dira orain. Ligako azken bi norgehiagokak irabazi ostean jarraian hirugarren garaipena lortzea amesten dute.
«Aldarte onean goaz, beti bezala, hiru puntuak batzeko itxaropenarekin. Kopakoa esperientzia polita izan da, baina, orain, Liga besterik ez zaigu geratzen eta kito», esan zuen atzo Camachok. Kritika dezente entzun behar izan ditu azken egunetan Osasunako entrenatzaileak, eta onartu egin ditu: «Kritikak onartu egin behar izaten dira. Entrenatzailea ni naiz eta kritikak onartu egin behar ditut. Gauza bat kritika egitea da, eta beste bat iritzia ematen duzunean zertaz ari zaren jakitea. Baina nik dena onartu beharra daukat».
Madrigal zelai aproposa izan da gorritxoentzat azken denboraldietan, 2005-2006 sasoiaz geroztik nafarrek ez baitute galdu han. 2006-2007 denboraldian 1-4 nagusitu ziren, Jose Angel Zigandaren aginduetara etxetik at jokatutako partidarik dotoreenetako batean. 2007-2008 sasoian, hutsean amaitu zen Vila-real eta Osasunaren arteko lehia, eta iragan sasoian Rossik Vila-real aurreratu bazuen ere, bigarren zatian Dady berdinketaren gola egiteko gai izan zen. Jarrai dezala bolada onak gaur arratsaldeko norgehiagokan ere, baina, dena dela, 2006-2007 denboraldiko garaipen ikusgarria lortu aurretik gorritxoek Madrigalen jokatutako partidetan galdu egin ohi zuten. Guztira Lehen Mailako bederatzi partida jokatu ditu Osasunak Vila-realen: bat irabazi du, hiru berdindu eta bost galdu.
Gaurko partidak badu beste protagonista bat: Alfonso Perez Burrull epailea. 2009ko urtarrilaren 18an zuzendu zuen epaile horrek Osasunaren norgehiagoka bat azken aldiz. Santiago Bernabeun izan zen, eta markagailuan aurretik jarri bazen ere, Osasunak 3-1 galdu zuen. Jokalariek adina protagonismo izan zuen egun hartan epaileak, dena dela. Lehen zatian, Juanfrani egindako penalti argi bat adierazi gabe utzi zuen, eta txartel horia erakutsi zion Osasunako erdilariari protesta egiteagatik. «Zeure burua bota behar baduzu, gutxienez ondo bota ezazu», esan zion Perez Burrullek Juanfrani, Osasunako jokalaria sutan jarriz. Eta bigarren zatian beste penalti argi bat ez adieraztea nahiago izan zuen epaile espainiarrak. Juanfrani sarrera argia egin zion Pepek area barruan; Osasunako jokalaria lurrera erori zen, baina Perez Burrullek ez zuen penaltirik ikusi. Partida guztiz baldintzatu zuen epaileak. Real Madrilen zelaian gutxienez puntu bat eskuratzeko meritua egin zuen Osasuna, baina epaileak galarazi egin zuen gorritxoen balentria. Partida amaitutakoan aldageletara zihoazenean, Osasunako jokalari batek bere hutsegiteak telebistan ederki ikusiko zituela esan zion Perez Burrulli. «Sartu ezak telebista ipurtzulotik», erantzun zion.
Halako jarrera aldrebesa erakutsita, Perez Burrullek zigorra ere jaso zuen. Hilabete pasatxo norgehiagokarik zuzendu gabe egon zen. Juanfrani barkamena ere eskatu zion telefonoz. Harrezkero Osasunaren bidean ez da inoiz gurutzatu Perez Burrull, gaur arte. «Urtebete geroago elkar ikusiko dugu, baina partida arrunt bat da niretzat. Betiko jarrera erakutsiko dut, eta Perez Burrull ere lanak ondo egiten ahaleginduko da, profesionala baita. Une hartan ozen salatu behar izan genuen gertatutakoa, baina ahaztuta dago, eta epailea agurtzeko arazorik ez dut izango. Hori bai, beste penalti argi bat egiten badidate eta adierazten ez badu, erotzekoa izango da», esan zuen Juanfranek herenegun.
Atsekabea ahazteko
Madrigalen punturen bat lortu nahi du gaur Osasunak, Espainiako Kopatik at geratzeak eragindako ondoeza lehenbailehen ahazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu