Frantziako Tourra

Atxilotu dute Tourrean eroriko bat eragin zuen ikuslea

Larunbatetik zebiltzan haren bila, eta gaur atxilotu dute jendarmeek. Hainbat hilabeteko kartzela zigorra ezar diezaiokete. Txartel bat erakusteagatik, hainbat txirrindulariren erorikoa eragin zuen.

Paulo Ostolaza.
2021eko ekainaren 30a
16:26
Entzun

Larunbatetik haren bila jardun eta gero, jendarmeek gaur atxilotu dute Frantziako Tourreko lehen etapan eroriko bat eragin zuen emakumea, RTL kateak jakinarazi duenez. Hainbat hilabeteko kartzela zigorra ezar diezaiokete, baita 1.500 isun bat ere. Jash Sutterlin (DSM) erorikoaren ondorioz Tourra utzi zuen txirrindulari alemaniarrak salaketa jartzen badu, 15.000 euro artekoa izan daiteke zigorra.

Erorikoa jasan eta hurrengo egunean lasterketa utzi behar izan zuen beste ziklista batek, Marc Solerrek (Movistar), jada adierazi du salaketa jartzeko asmoa. Asmo bera erakutsi zuen Pierre-Yves Thouault Tourreko zuzendariordeak ere larunbat gauean bertan: «Hala egingo dugu halakoak egiten dituzten dituzten gutxi horiek ez dezaten denon lasterketa zapuztu».

Larunbatean, 2021eko Frantziako Tourreko lehen etapan, atxilotutako emakumeak kartel bat erakutsi nahi izan zien telebistako kamerei, eta hainbat txirrindulari erortzea eragin zuen. Istripua eragin ostean, «ikertzaileak heldu baino lehen» alde egin zuen.

Bretainiako Finisteren gertatu zen ezbeharra. Frantsesa eta alemana nahastuta Aurrera aitonatxo eta amonatxo! esaten zuen zeinu batekin jarri zen emakumea pelotoiaren aurrean. Tony Martin txirrindulari alemaniarrak emakumearekin kolpea hartu, eta lurrera erori zen. Atzetik erori ziren beste hainbat txirrindulari, gehienak Martinen Jumbo Visma taldekoak. Tourra utzi behar izan zuten lehen aipatutako Sutterlinek eta Solerrek, eta beste 20 txirrindulari zauritu ziren ezbeharrean.

«Ez da zirku bat»

«Ikusi nuen emakumezkoa, ikusi nuen zeinua. Baina azken unean errepidera biratu zuen, eta ez nuen astirik izan erreakzionatzeko», esan zuen Martinek. «Ezin dut ulertu jendeak zergatik egiten dituen halakoak. Bizikletan lehiatzeko gaude hemen; ez da zirku bat».

Halakoak gertatu dira lehen ere Tourrean eta ikusle asko erakartzen dituzten bestelako lasterketetan. 2018. urtean, Vincenzo Nibalik Tourra utzi behar izan zuen, ikusle baten argazki kameraren uhala bizikletaren heldulekuan trabatu eta erori ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.