Motor hotsaren eta abiaduraren sinonimo izan da betidanik Le Mans. Ez dago motoziklismoaren jarraitzaile sutsu bat izan beharrik, Frantziako zirkuitu hori munduko txapelketako esanguratsuenetako bat dela jakiteko. Hor, hain zuzen, jokatuko da asteburuan Frantziako Sari Nagusia, txapelketako laugarrena.
Le Manseko ibilbideak aldaketa asko jasan ditu eraiki zenetik, baina gidari eta jarraitzaileentzat beti izan da erakargarria. Zirkuitu hori dibertigarria eta ikusgarria da niretzat. Aurreratzeko oso egokiak diren guneak ditu, eta helmugaren aurretik dagoen eskuineranzko bihurgune bikoitza da gakoa. Gune oso motela eta kritikoa da, eta gidari ausart batek espazioak ondo ixten ez dituen beste edozein aurkari aurreratu dezake. Helmugatik oso gertu dago bihurgune hori, eta huts egiteko tarterik ez dago.
Hasiera batean, Hondari eta bere motor indartsuei egiten die mesede zirkuituak. Aldapan gora doan zuzengune luzea eta azeleragailua muturreraino eraman behar diren guneak bere alde izango ditu. Ezaugarri horiek aprobetxatzen saiatuko da Marco Melandri. Denboraldi hasiera honetan, gidari italiarra da MotoGP mailari emozio apur bat ematen ari zaion bakarra. Txapelketaren erritmoa hartu duela dirudi, eta Rossiren aurkarien multzoa handitu egin du.Edonola, The Doctor, egungo txapelduna eta sailkapen nagusiko liderra, faborito izango da igandean. Edozein baldintzatan eta edozein motorekin gidatuta ere, onena bera dela erakutsi zuen Txinan. Gibernauk, berriz, ezin izan du denboraldia ondo hasi, eta Rossi mendean hartzeko faborito izatea zama bihurtzen ari zaiola dirudi.250 cc.-etan Doviziosorengana hurbiltzen saiatuko da Pedrosa. Gidari italiarrak sendotasuna erakutsi du, eta oharkabean sailkapeneko lider jarri da. Maila honetan gidari ona izatea eta moto ona edukitzea ez dela nahikoa erakutsi dute Pedrosak bere kaskoarekin izan dituen arazoek. Beharrezkoa da detaile guztiak zaintzea.Aurreikusita zegoen bezala, litro zortzirenaren maila oso irekita dago eta gidariak oso irregularrak izaten ari dira. Oraingoz jokatu diren lasterketa guztiek garaile ezberdinak izan dituzte.
ATZEKO ESERLEKUAN. Aldaketak egonda ere, beti erakargarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu