ATZEKO ESERLEKUAN. Kitatzeko zor asko, zirkuitu motelean

Herri Torrontegi.
2005eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Bero-bero hasi da Munduko Abiadura Txapelketa, eta asteburu honetan gori-gori jarriko da Estorilgo zirkuituan Portugalgo Sari Nagusian. Sete eta Rossiren artean Xerezen piztu zen polemika itzali gabe dagoela, inoiz baino interesgarriagoa izango dela dirudien denboraldiaren bigarren karrera iritsi da. Oraingoz, eztabaida mahai gainean dago.

Txapelketa hasi besterik egin ez den arren, igandean Portugalen kitatzeko zor asko egongo dira. Inork ez du zalantzan jartzen Gibernau nola edo hala Valentinori ordainekoa ematen saiatuko dela. Aste honetan asko hitz egin eta asko idatzi da Xerezko azken bihurgunean gidari italiarrak egin zuen mugimenduari buruz. Nire iritziz, hori gustatu edo ez gustatu bi gidariak aurrea hartzeko ahal duten guztia egiten duten lasterketako beste mugimendu bat baino ez da.Estorilen Sete eta Rossik aukera berberak dituzte karrera irabazteko; erdi bana izango dituzte. Zuzengune oso luze batekin eta soilik hamahiru bihurgunerekin, Portugalgo zirkuituak asko parekatzen ditu motoak. Hasiera batean, kataluniarraren Honda motoa The Doctor-ena baino azkarragoa da, baina Estorilgoa bezain lasterketa motelean, aukera asko ditu Rossik desabantaila hori gidatzeko bere trebeziarekin orekatzeko; aurrea hartzeko oso egokiak diren sei balaztatze puntu ere badaude.Portugalgo zirkuituaren ezaugarri horiengatik MotoGPn lasterketa irabazteko borrokan gidari gehiago ere egon daitezkeela uste dut. Une honetan Gibernau eta Valentino besteak baino gehiago diren arren, Hayden eta Melandri bezalako gidariek italiarra hirugarren izan zen Xerezenaurre egin diezaiekete. Horretarako, ordea, Xerezen ez bezala, aurrean daudenen arrastoari eutsi beharko liokete. Lau izen horiei Barros eta Checarenak ere gehitu daitezke, iaz oso ondo aritu baitziren Portugalen. Asteburu honetan ez bada, ziur naiz etorkizunean lehia ez dela bi gidarien borroka izango. Ikuskizunak eskertuko du.Lasterketak monologo itxura osoa duen maila 250 cc.-ak dira. Litro laurdenean denboraldia iaz amaitu bezala hasi da; Dani Pedrosaren nagusitasuna eztabaidaezina da. Hala ere, zaila izango du Estorilen Xerezen bezain erraz gailentzea. Stonerrek, De Punietek, Portok eta enparauek aurreko asteko hutsak eta erorikoak errepikatzen ez badituzte, eta Pedrosari hasieratik bere erritmoa jartzen uzten ez badiote, emozioa oso handia izango da.125 cc.-ko lasterketa berriro oso irekia eta oso erakargarria dator. Egia esan behar badut, oker handirik ezean, Simoncceli izango da aurten litro zortzirenaren izen propioa. Gaztea izan arren, gidari italiarrak Xerezen buruz oso ondo prestatuta dagoela erakutsi zuen, eta 125 cc.-ak bezalako maila lehiatuan nagusitzeko gai dela. Portugalen Pablo Nieto ere aintzat hartu beharko da, jakin bai baitaki zer den hor irabaztea.

Motorrek erabaki dezatela!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.