ATZEKO ESERLEKUAN. Montmelo, gidari ausartentzat

Herri Torrontegi.
2005eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Gidari profesional izan garenok beti dugu barruan abiaduraren harra, baina Munduko Txapelketa Kataluniara iristen denean sentitzen dugu gehien korritzen jarraitzen duten gidarien inbidia. Gidariek gehien gozatzen duten zirkuituetako bat da Montmelo. Ibilbide polita du, arnasa hartzen uzten duten zenbait leku ditu, eta zaleek, gustuko izan edo ez, gidari guztiak babesten eta animatzen dituzte.

Montmelo, batez ere ausartentzako zirkuitua da. Txapelketan une honetan gidarien maila ona dela-eta motoen artean aldeak txikiak direla aintzat hartuta, Circuit-ean ausardia handin duten gidariek egiten dute aurrera. Zuzengune nagusiko balaztatzea beldurgarria da, eta bata bestearen atzetik lotuta dauden bihurgune azkarrek ez dute zalantzarako tarterik uzten.Horren adibide dira atzoko entrenamenduen denborak. Jorge Lorenzo da niretzat une honetan hiru mailetako gidari ausartena, berak lortu zuen atzo denbora onena 250 cc-etan, eta ez dut uste txiripaz izan zenik. Berak sortuko dizkio, zalantzarik gabe, igandean Pedrosari arazo gehien. Horrek badaki, txapeldun izanik, ez duela entrenamenduetan ikuskizunik eman beharrik, eta bere borroka motoa puntuan jartzea da.MotoGPn jokatu diren lasterketak arrazoi eman digute hasieratik Marco Melandri hazi egingo zela esaten genuenoi. Bartzelonan jada lehen lan saioetako gidari azkarrena izan da. Sete Gibernau taldekideak bere ibilbideko sari nagusi zailenetako bat du aurrean. Etxean korritzen du, eta denboraldi hasiera etsigarri baten ondoren, munduko presio guztia bizkarrean duela. Egoera horretan ez dago irabaziko duen gidaririk. Iritzi publikoak bere mugimendu guztiak aztertzeari uzten dion arte ez dugu Sete onena berriro ikusiko.Eta 125 cc-etan ez naiz izen bakar bat ematera ausartzen. Mugellon ikusi genuen lasterketaren antzeko bat ikus dezakegu, amaiera eroa izango duena. Maila paretsua dela ikusi da orain arte, eta edonork irabaz dezake. Ziur naiz igandean beste gidari berri bat nabarmenduko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.