Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Atzera begiratu gabe

Gaurtik hilaren 24ra jokatuko da Tourra, eta Galibier izango da epailea Contadorren eta Andy Schlecken arteko lehia estuanAlpeen mendeurrenean, Galibierren amaituko da etapa bat, eta Alpe d'Huezen beste bat

unai zubeldia
Donostia
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Atzera begira ez dago aurrera egiterik. Alberto Contador (Saxo Bank) eta Andy Schleck (Leopard-Trek) elkarri mokoka ibili ziren iazko Frantziako Tourrean. Aurkarien erasoei erantzun ez, eta ardura elkarri pasatuz. Eraso zitala jotzearekin batera, atzera begira geratuz. Kirol lehia estua eskaini zuen orain urtebeteko Tourrak. Baina azken hamabi hilabeteetan kirol lehiaz haratagoko liskarrek estutu dute gehiago espainiarra. Ustez klenbuterolarekin kutsatuta zegoen haragi zatiaren digestioa egin ezinik dabil oraindik Contador. Herenegun, Tourreko aurkezpen ekitaldian, haragi zati hura gorputzean bueltaka hasi zitzaion berriz, zaleen txistu hotsak entzun zituenean. Zaleak Andy Schlecken alde daude, eta Italiako Giroko nekeari zaleen presioa gehitu beharko dio Contadorrek —Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) abuztu hasieran emango du azken epaia—.

Tourmalet mitikoari egin zion keinua iazko Tourrak —gainean amaitu zen etapetako bat, eta Andy Schleck eta Contador elkarri helduta helmugaratu ziren—. Aurten, berriz, Alpeek jasoko dute omenaldia, Tourra bertatik lehen aldiz igaro zenetik ehun urte beteko direnean. Galibierrek jarriko du bakoitza bere lekuan. 21 etapa, 3.430 kilometro, taldekako erlojupekoa, amaiera aldrebes dezente, Pirinioak, Alpeak, erlojupeko luzea eta Paris. Aspaldiko osoena da aurtengo Tourra, baina Alpeek emango dute epaia.

18. eta 19. etapei begiratu besterik ez dago. Triskantza handia espero daiteke Alpeetako azken bi etapa horietan. 200,5 kilometro dauzka 18. etapak, Pinerolon hasi eta Galibierren amaituko denak. Agnel, Izoard eta Galibier. Maila bereziko hiru mendatetzar. 57,4 kilometro maldan gora, 23 inguru 2.000 metrotik gora, %10etik gorako batez bestekoa daukaten metro asko... Beldurgarria da etapa.

Eta beldurgarria, era berean, hurrengo egunekoa ere. Motza da etapa hori (109,5 km), eta Modane eta Alpe d'Huez lotuko ditu; baina hiru mendate gogor daude tartean: Telegraphe (11 km, eta %7,1), Galibier (16,7 km, eta %6,8), eta Alpe d'Huezeko azken igoera (13,8 km, eta %7,9). Itzulia lehertzen saiatzeko azken aukera izango dute sailkapen nagusian denbora dezente galduta daukatenek.

Hurrengo eguneko erlojupeko luzeak (42,5 km) ez lukeelako triskantza handirik eragin beharko. Gogorra da erlojupekoa —aurten Dauphinen egin duten berbera—, baina podiumeko hiru koskek dezente zehaztuta egon beharko lukete ordurako. Tourreko azken hiru etapa erabakigarriak izango dira horiek. Azken estutu horren aurretik, ihesaldietarako da aproposa Alpeetako lehen etapa, Gapen hasi eta Pinerolon amaituko dena. Sestrieres etzana alde errazenetik igaroko dute lehenengo, eta jaitsiera luzearen ondoren, Pramartino bigarren mailako mendatean izango dute azken koska. Zortzi kilometro besterik ez dago gainetik helmugara, ia denak maldan behera.

Aitzin-etaparik gabe

Berritasunei helduta, amaiera gaiztoko etapa batekin hasiko da Tourra. 191,5 kilometro dauzka etapak, eta gorako joera dauka azken kilometro eta erdiak. Bihar, berriz, 23 kilometroko taldekako erlojupekoa izango dute. Baina ohiko lehen aste lauaren aldean, gorabehera askoko etapa dezente daude lehen astean. Bretainiako harresian amaituko da astearteko etapa, ostegunekoa ere bihurria da, Super Bessera iritsiko dira larunbatean... Hiruzpalau esprint argi besterik ez da egongo lehen astean. Erdiguneko mendate itoen atzetik, Luz Ardidenen, Lourdesen eta Plateau de Beillen amaituko dira Pirinioetako hiru etapak. Alpeak besterik ez da geratuko podiumerako lehiarako.

Contador-Schleck. Gehienek bikote horretara mugatu dute Tourreko lehia, baina luzea da faboritoen zerrenda. Inoizko prestaketarik onenarekin iritsi da Robert Gesink (Rabobank); gutxik prestatzen dituzte hiru asteko itzuliak Cadel Evansek (BMC) bezain ondo; podiumean lekutxo bat merezi duela erakutsi zuen iaz Samuel Sanchezek (Euskaltel-Euskadi)... Eta podiumerako lehian ezin dira ahaztu, noski, Bradley Wiggins (Sky), Jurgen Van den Broeck (Omega Pharma-Lotto), Ivan Basso (Liquigas), Frank Schleck (Leopard-Trek)... eta RadioShackeko laukotea: Chris Horner, Andreas Kloeden, Levi Leipheimer eta Janez Brajkovic.

Gaur hasiko da Tourra, baina bezpera ez zen gozo-gozoa izan, jendarmeek Quick Stepen autobusetako bat geratu eta zuzendaria eta gidaria galdeketa egiteko eraman zituztelako atzo. Dopinaren aurkako ikerketa batekin lotuta dago atzoko gertakaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.