Ordu gutxi falta dira mendiko lasterketak hasteko, eta korrikalariak aritu dira jada dortsalak jaso eta materiala prestatzen. Horretarako tokia prestatu dute Beasainen, Gernika pasealekuko frontoian. Mikel Valdibielso antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez, aurreko urteetan aurrean ibili diren korrikalari garrantzitsu guztiak irteeran izango dira, eta "lasterketa azkarra" espero duela dio.
18:00etan abiatuko dira Ehunmiliak probako lasterkariak; Goierriko Bi Handietan parte hartuko dutenak, berriz, 23:00etan. Bietatik lehena izango da luzeena, 168 kilometrorekin, eta, kalkulatu dutenez, lehen korrikalariak 23 ordu inguru beharko ditu proba amaitzeko —larunbatean helduko litzateke, 17:00etan—. Goierriko Bi Handiak lasterketa 88 kilometro luze da, eta lehen parte hartzaileak 11 ordu beharko ditu helmugara iristeko —larunbatean, 21:00etan iritsiko litzateke—.
Bi berrikuntza daude aurten: batetik, pantaila erraldoi bat jarriko dute Beasainen, lasterketaren irudiak zuzenean emateko; bestetik, Ehunmilietako parte hartzaileek GPS gailu bat eramango dute, une oro non dauden jakiteko. Sare sozialetan eta webgunean ere (www.ehunmilak.com) une oro arituko dira informazioa zabaltzen eta eguneratzen.