Bidea gogorra izango zela bazekiten, baina hain gogorra izango zenik ez, agian. Bizkaia Bilbo Basketek urrunago dauka Kopa, eta jakitun da sufritu egingo duela arrakasta nahi badu, lortzen badu. Berak nahi duena nahi dutelako beste askok, eta muturreraino sufritzeko prest direlako. Kanaria Handiak ere zortzi onenen artean sartu nahi du, eta azken segundoraino saiatu zen. Hasiera-hasieratik utzi zuen argi zein zen bere asmoa, eta 0-10 aurreratu zen beste behin lo kantxaratu zen Bilbo Basketen aurka.
Jaycee Carrollek zortzi puntu saskiratu zituen bata bestearen atzetik, eta Janis Blumsi aulkirako bidea erakutsi behar izan zion Katsikarisek, hausnar zezan. Esnatu, esnatu ziren bizkaitarrak, baina oso kostata. 3-12 eta 10-15 hurbildu ziren, Josh Fischer iritsi berriak bi hiruko eta zortzi puntu saskiratu ostean, baina Kanaria Handiak ihes egin zuen berriro: 10-19. Katsikarisek Vasileiadis herrikideari eman zion aginte makila, eta greziarrak taldekideak hauspotu zituen bost puntu saskiratuta.
Bigarren laurdenean aldatu egin zen panorama. Bilbo Basketek estutu egin zuen defentsan, eta Kanaria Handiak sei baloi galdu. 30na berdindu zuten markagailua etxekoek aurrena, eta aurea hartu gero, 37-34, Jackson, Vasileiadis eta Fischerren eskutik. Buelta ematea zen zailena, eta, behin buelta emanda,pentsa zitekeen etxekoek balantza errazago desorekatu zitekeela, baina kontrakoa gertatu zen. Bilbo Basketen kolpeari erantzuna eman zion beti Kanaria Handiak, izan erasoko errebotearekin edo izan Carrollen bitartez, eta 42-34 eta 44-37 galtzen joan arren, gain-gainean egon zen ia beti: 44-44, 57-55 eta 64-63 sei minuturen faltan.
Puntu bat, bi, hiru, asko jota, baina beti etxekoen alde, baina beti garaipena lotu ezinik. Odola hotz edukiko zuenarentzat izango zen garaipena, eta Carrollek eta Taurean Greenek erabakigarriak izan ziren saskiratzeak lortu zituzten asmatu behar zenean, eta Bilbo Basketekek ez, azken segundoan Blums eta Fischer hiruko ezinezkoa lortzen saiatu baziren ere. Zortzi onenen artean dago orain Kanaria Handia, kanpoan Bilbo Basket, baina asko dago jokoan oraindik.
Bilbo Basket 72
Kanaria Handia 75
Bilbo Basket. Jackson (10), Blums (9), Mumbru (-), Banic (11) eta Sonseca (2) -hasierako bostekoa-; Javi Rodriguez (2), Fisher (15), Vasileiadis (13), Hervelle (10) eta Mavroedis (-).
Kanaria Handia. Green (20), Carroll (18), Moran (3), Wallace (10) eta Savane (8) -hasierako bostekoa-; Bellas (2), Beiran (-), Bramos (-), Nelson (-) eta Rey (14).
Markagailua. 15-20, 37-34 (atsedenaldia), 57-55 eta 72-75.
Epaileak. Conde, Bulto eta Martinez. Jackson kaleratu zuten bost falta egiteagatik.
Bestelakoak. 7.342 ikusle Bilbo Arenan.
Atzerapauso mingarria
Kopatik urrundu du Kanaria Handiak Bilbo Basket, oso partida estuan partida garrantzitsua irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu