Miarritzek atzerapauso nabarmena eman zuen atzo, Italiako Viadana herrian, Heineken kopako final-laurdenei begira. Aironi bere multzoko azken sailkatuaren etxera joan zen Lapurdiko taldea, eta galtzaile atera zen. Lehen aldia da Miarritzek Heineken kopan Italiako talde baten aurka galtzen duena.
Porrot hau atzerapauso bat izanen da Miarritzerentzat, baina oraindik sailkapena lortzeko aukera du Agilerako hamabostekoak. Hemendik aitzina, Ulster Irlandako probintzia izanen da lehen postua lortzeko aurkari nagusia, etxean Bath Ingalaterrako taldeari irabazi ziolako atzo (22-18).
Lehen lana hurrengo astean etxean Aironiren aurka suspertzea izanen da Miarritzerentzat. Horren ondotik, Bath hartuko du etxean, eta partida erabakigarria izanen da. Azken jardunaldirako oso bidaia zaila izanen du, Belfastera. Hiru partida horiek irabazita, lehen postua poltsikoratuko luke Miarritzek.
Erritmo apala
Miarritze Aironiren zepoan erori zen atzo. Oso ongi hasi zen, alta, lehen oren laurdenean bi entsegu sartu baitzituen, Terrain eta Ngwenyaren bidez. Partidan serio sartu zen, aitzinean lana lotuz, eta gero bere jokoa pixkanaka landuz. Baina, Italiako taldeak ez zuen inoiz amore eman, eta pixkanaka bere erritmoan sartu zuen partida.
Hasiera onak konfiantzan ezarri zuen Miarritze, eta, agian, oldarkortasuna falta izan zitzaion partida lotzeko. Alderantziz, aitzineko borrokan italiarrak asmatzen hasi ziren, eta partida geldotu zen. Erritmo apalean, mailak orekatzen dira, eta horrela italiarrak pixkanaka berriz hurbildu ziren markagailuan.
Marshallek lehen entsegua sartu zuen Aironirentzat, lehen zatia bukatzear zela. Bigarren zatian, dinamika horretan segitu zuen etxeko taldeak, eta Tonniolatik bigarren entsegua sartu zuen (18-17), eta lehen aldiz aitzinean Aironi.
Miarritzek, baina, behar zena egin zuen berriz. Gimenezen entsegu bati esker, eta Yachviliren zigor kolpeari esker, bi aldiz berriz aitzinetik jarri zen. Baina, Italiako taldeak beti suspertzeko gaitasuna erakutsi zuen. Pratichettik entsegua sartu zuen lehenik. Partida bukatzear zela, 25-27 zen aitzinean Miarritze, baina Laharraga gibelekoak drop-a bota zuen eta garaipena eman zion Aironiri.
Atzerapausoa Italian
Miarritze Aironiren erritmo geldoan erori da, eta suspertu ezinik, galdu egin du, eta atzera egin Heineken kopan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu