ontu ilunez beteriko klubak iragan iluneko entrenatzailea fitxatu du, diziplina ezar dezan. Kontraesankorra bada ere, hala laburbil daiteke azken egunotan Espainiako hiriburuan hautsak harrotu dituen berria; Real Madrilek Wanderlei Luxemburgo entrenatzaile brasildarra fitxatu izana. Arrigo Sacchi kirol zuzendari berriak Garcia Remon karguan berretsi eta astebetera zabaldu zuen klubak fitxaketa. Zortzi hilabetean talde zuriak duen laugarren teknikaria da Luxemburgo, «diziplina, batasuna, lana eta profesionaltasuna» gurtzen omen dituen brasildarra. Lanak izango ditu jokalari madrildarrek dohain horiek barnera ditzaten lortzeko.
Paradoxikoki, bertute horiek ez datoz bat zurien entrenatzaile berriak bizitzan izan dituen hainbat aferekin. Izan ere, kirol arlotik kanpo, eskandaluei eta gorabeherei lotuta egon da beti. Behin baino gehiagotan zapaldu behar izan ditu auzitegiak: emakume batek salaketa jarri zion sexu-jazarpena egotzita eta Brasilgo Ogasun Sailarekin arazoak izan ditu. Salaketa guzti horiek artxiboan bukatu bazuten ere, 2003an bost urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eta 152.000 euroko isuna ezarri zioten iruzur fiskala egiteagatik eta dirua zuritzeagatik. Azkenean, helegitea aurkeztu eta kartzelatik libratu zen 335.220 euro ordainduta. Ez du gustuko horretaz hitz egitea: «Guzti hori ezerezean gelditu zen, horregatik nago hemen. Ez naiz gaizkilea», esan berri du.Futbolean ibilbide arrakastatsua egin du, hori bai, Brasilen beti. 1983an hasi zen entrenatzen, eta bost aldiz irabazi du bertako Liga, azkena iaz, Santosekin Robinho, Real Madrilek ikusmiran duen jokalari gaztearen taldearekin, hain zuzen. Horrez gain, bi urte eman zituen Brasilgo hautatzaile karguan. 1999an irabazi zuen Amerika Kopa; hori da selekzioarekin duen lorpenik handiena. Hurrengo urtean kendu zuten kargutik, Sidneyko Olinpiar Jokoetan eginiko lan kaskarra eta aipatu eskandaluak zirela eta.Eskarmentu handiko entrenatzailea izateaz gain, partidak oso ondo irakurtzen dituela diote. Baina, ororen gainetik, diziplina eta arlo fisikoa landu zalea da, eta horregatik fitxatu ei du Real Madrilek: Espainiako Ligako aldagela nahasienean bakoitza bere tokian jartzeko. Florentino Perezek betidanik izan du bere izarrak mimatzeko ohitura baina, antza, jada aspertuta dago euren eskandalu eta txutxumutxuekin: duela gutxi zabaldu da Roberto Carlosek eta Ronaldok 48 orduko gaupasa egin zutela Sevillaren kontrako partida aurretik, eta Raul Bravok lau orduz deklaratu behar izan zuela epaitegian lapurtutako autoekin zerikusia zuen kontu bat zela-eta. Buruhauste horietaz ahazteko fitxatu omen ditu presidenteak Sacchi eta Luxemburgo.Oraingoz, entrenamenduetan sumatu da gehien brasildarraren izaera. Lan saio bikoitzak egin ditu gaurko partida prestatzeko, eta korrika saio gogorrak egitera behartu jokalariak Ronaldok akituta bukatu zuen herenegun entrenamendua, 3 kilometro eta erdiko lasterketa saioa egin ondoren. Halaber, haien elikadura eta pisua gertutik zaintzeko asmoa du. Beckham ere izan da Luxemburgoren filosofiaren biktima, isuna jarri baitzion entrenamendura 20 minutu berandu iristeagatik. Ikusi beharko da guzti hori komunikabideei begira eginiko publizitate hutsa den edo, aitzitik, entrenatzaile berriak Capellok eta Camachok lortu ez zutena lortzen duen.
ATZERATUTAKO PARTIDA. Polemika eta diziplina, bat eginik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu