Argentina, atzera begira bizi den talde makal eta geldoa, ikuskizun kolektiboari bizkarra emanda bizi den hori, Messiren magia itzaltzen hasiak bizirik iraunarazi duen talde justu hori... bai, Argentina hori Munduko Kopako finalera sailkatu da. Jokoaren sormena aurkariaren hurrengo erasoa geratzeko erabiltzen duen estrategia itsusiak saria jaso du. Gehiegizkoa, batere dudarik gabe. Ezustetzat ere har daiteke Argentina hau hain urrutira heltzea.
Herbehereek ere lagundu diote gaur ezuste horri. Beldurrez jokatu du, argentinarren kontraerasoari izua izan dio, eta apenas izan du sakontasunik. Baloiaren jabe izan denean, ez du arriskurik sortu. Horizontalean pase gehiegi, bertikalean oso gutxi. Eta erritmo geldoan. Lehen zatian, gainera, baloirik ere ez du eduki ia. Argentinak izan du ekimena gehienean, eta hauena jakina da zer den: jokoa geratu, makaldu, eta arriskuak har ditzala Messik bakarrik. Hala ere, aurkitu du zuloa Herbehereen atzealdean, europarren ezker hegalean. Lavezzik aukerak izan ditu han suak pizteko, baina su txikiak izan dira. Argentina zer den erakusten duen datua, hauxe: lehen zatian baloia gehiago eduki arren, aukera garbiena Messik egin duen falta baten jaurtiketa izan da.
Eroso zebilen Sabellaren taldea. Erasoan, hautsi gabe, neurrian gauzak egiten, eta atzealdean, esanda bezala, Herbehereek ez dute batere estutu. Egoera pixka bat aldatu da 60. minutuaren bueltan. De Jong euskarri ez sortzailea kendu egin du Van Gaalek, eta Clasie atera. Jokoa sortzen hasi da taldea, baloia azkar jokatuz, ukitu gutxitan, pase bertikalak azaltzen hasi dira... Hor hasi da Argentina sufritzen, eta ia-ia sufrikarioak ito egin du 90. minutuan: Robben area barruan sartu da, eta jaurtiketa egin berria zuenean, Mascherano (Argentinakoen arazo guztiak konpontzen dituena) agertu zaio lurrera botaz, eta gola zitekeena korner bat izan da.
Luzapeneko lehen minutuetan ez da aldatu egoera, eta aldatu bada, Herbehereen kalterako izan da. Berriz ere kosta egin zaio jokoa sortzea, eta luzapenaren azken aldera, Argentina harrotu egin zaio. Cillesenen ate inguruan ibili da, baina Agüero ez dago gauza asko egiteko (82. minutuan atera da, Palaciorekin batera). Azken honek ere izan du aukera ona, baina ezer ez.
Penaltietan, Argentinak lau bota eta laurak sartu ditu. Herbehereen bi jaurtiketa urrundu egin ditu Romerok. Hor joan da txapelketa honetako talde aberetsenetakoa taktikaren estrategian: Herbehereak. Eta justu eta arrastaka partida asko irabazi dituen Argentina finalean da. Atzokoaren eklipsea izan da. Argia ilun. 24 urte geroago finalean da Argentina, eta gauzak zer diren, orduko final bera izango da aurten. Orduan Alemaniak irabazi zuen. Oraingoan ere hala ematen du... baina Argentina triste hau honaino heldu bada, batek daki.