Aukera aproposa dirudi

Etxetik kanpoko bolada txarra behingoz eten nahi du Osasunak gaur, Levanteren zelaian irabazita

Iruñea
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Etxetik kanpo jokatu dituen azken hogei norgehiagoketatik Osasunak hemezortzi galdu eta bi berdindu dituela ahazterik ez dago, baina bolada txarrak noizbait amaitu behar du, eta gaur gorritxoek aukera ona daukatela dirudi. Sailkapenean Osasunak baino puntu bat gutxiago daukan Levanteren zelaian ariko dira, eta Jose Luis Mendilibarrek etxetik at Osasuna zuzenduko duen lehendabiziko partidan hiru puntuak batzea da asmoa.

«Ni ez naiz gogoratzen lehen Osasunak egindakoaz, niretzat etxetik kanpoko lehendabiziko partida da, eta irabaztera zelairatzeko prestatzen aritu gara aste osoan lanean», esan zuen atzo Mendilibarrek. Taldeak Nafarroako Erresumatik at puntuak nekez batzen dituela badaki zaldibartarrak, baina bere iritsierarekin gauzak aldatu egingo direla sinetsi nahi du. «Etxetik kanpo ere etxean bezalaxe jokatzen asmatzea da gakoa».

Irabazi ezin bada, ez galtzea garrantzitsua izango da, baina amaieran berdinketa ontzat jo badaiteke ere, partida hasi aurretik irabaztean soilik pentsatu nahi du Mendilibarrek. Hori bai, gehiegizko presiorik ez du nahi, eta final bat ez dela gogoratu zuen atzo badaezpada: «Partida garrantzitsua da, baina ez da final bat. Lau puntura utz dezakegu Levante eta hori da asmoa, nahiz eta aurkariak talde ona eta gogorra daukala badakigun».

Azken jardunaldian Santiago Bernabeun Real Madrilen aurka galdu egin bazuen ere, Luis Garcia Plazak zuzendutako taldeak puntu asko batu ditu azken jardunaldietan: Real Madrilen aurka jokatu aurretik jokatutako hiru partidak irabazi egin zituen, etxean Almeria eta Getaferen aurka, eta etxetik kanpo Vila-realen aurka. Ez da aurkari samurra izango, beraz. Hala ere, Mendilibarrekin etxetik kanpoko okerrak zuzendu ditzaketela erakutsi nahi dute gaur Valentzian Osasunako jokalariek.

Aldaketa gutxi

Gaur zelairatuko duen hamaikakoan berritasunik izango den edo ez argitzerik ez du nahi izan Mendilibarrek, baina bere estreinako norgehiagokan Espanyoli 4-0 irabazi zioten 11 jokalariek hasieratik jokatzen jarraitzeko aukera izan dezakete. «Ondo jokatzen denean aldaketa askorik ez da egiten», esan zuen Osasunako entrenatzaileak. Hargatik, iragan asteburuan jokatu ezinda ziren jokalari batzuk berreskuratu ditu zaldibartarrak eta Damia Abella eta Miguel Flaño deialdian sartu zituen atzo, esaterako. Flañok bezalaxe, Sergio Fernandez erdiko atzelariak ere medikuen senda-agiria jaso du aste honetan, baina atzelari beteranoa deialditik kanpo utzi du Mendilibarrek. Sergioz gain Alvaro Cejudo eta Ferran Corominas ere ez daude gaur arratsaldeko partidarako aukeratutako jokalarien zerrendan. Bitxia da, baina jokatzeko prest izanagatik, neguko merkatuan Juanfran ordezkatzeko Osasunako fitxatutako bi jokalariak ez ditu aintzat hartu entrenatzaile zaldibartarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.