Gaur bederatzi hilabete lortu zuen Osasunak azken aldiz Nafarroako Erresumatik at jokatutako partida bat irabaztea. Urteko lehen hilabetean etxetik at jokatutako azken norgehiagokan gorritxoak 0-2 nagusitu ziren Madrigalen, Juanfranen bi goli esker. Vila-realen zelaian irabazi ostean etxetik kanpo aritu den hamabi partidetan 11 galdu ditu eta bakarra berdindu Jose Antonio Camachok zuzentzen duen taldeak, dena dela. Azken irteeran amaitu zuen Osasunak 11 porroteko bolada negargarria, Riazorren hutsean berdinduta. Eta, Deportivoren aurka puntu bat lortu ostean, gaur Racingen aurka hiru puntuak eskuratu nahi dituzte nafarrek. Miguel Angel Portugalek entrenatzen duen taldea jaisteko postuetan da, larri hasi du denboraldia, eta teorian Osasunak aukera ona daukala dirudi. Irabazteko, lanak ondo egin beharko dituzte gorritxoek, dena dela.
Santanderren (Espainia) kezkatuta daude. Ligako azken jardunaldian 6-1 galdu zuten Real Madrilen zelaian, eta Santiago Bernabeuko jipoiaz gain, asteazkenean beste jipoi bat ere hartu zuten, Espainiako Kopan Kordoba Bigarren Mailako taldearen zelaian 2-0 galduta. Deportivoren atzetik gol gutxien sartzen duen taldea da Racing (bost), eta, horrez gain, atzealdean Ligako talderik ahulenetako bat ere bada (hamalau) -Malagak soilik jaso ditu Santanderko taldeak baino gol gehiago: hemeretzi-. Osasunaren aurkako partidan Portugal entrenatzailearen postua jokoan izango dela dioenik ere bada, eta final bat bezala hartuko dute espainiarrek gaur arratsaldean nafarren aurka jokatu beharreko norgehiagoka. Horrek arriskutsu bihurtzen du Racing. Barruak husteko asmoz zelairatuko dira Henrique, Lacen, Colsa, Munitis, Kennedy, Rosenberg eta enparauak. Racingek hasierako erauntsiari eutsiz gero, ordea, Osasunaren aukerak gero eta gehiago izango dira minutuek aurrera egin ahala.
Etxetik kanpoko bolada txarra amaitzeko aukera ederra izan dezakete gorritxoek gaur, eta asmo horrekin ariko dira. Gainera, azken emaitzen ostean, adorea indarberrituta iritsiko da Osasuna gaurko norgehiagokara. Riazorren hutsean berdindu eta etxean Malaga 3-0 menderatu ostean, sasoi hasierako giro nahasia baretu da Iruñean, eta bolada onarekin jarraitzeko aldarte onean dira Camachoren jokalariak.
Gorritxoen entrenatzaileak badaki partida erraza ez dela izango, nolanahi ere. «Oreka handia dago Ligan, eta irabaztea oso garrantzitsua izango litzateke. Dena dela, etxetik kanpo irabaztea asko kostatzen zaie talde gehienei, eta guri ere bai. Guk hutsik ez egitea izango da gakoa, larrutik ordaintzen ditugu eta. Hutsik egiten ez dugunean, talde indartsua gara. Azken bi irteeretan partida txukunak jokatu ditugu, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu. Aurreko sasoikoaren antzeko partida izatea nahiko nuke, baina azken unean berdinketaren golik jaso gabe, noski», esan zuen atzo Camachok Taxoaren eman zuen prentsaurrekoan. Bide zuzena aurkitu dutela erakusteko ordua iritsi zaie gorritxoei, eta Santanderrek toki aproposa dirudi helburu hori lortzeko.
Aukera aproposa du
Racing larri dabilela aprobetxatu nahi du Osasunak, bederatzi hilabete ondoren etxetik kanpo berriz irabazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu