Futbolean ez da beti trena birritan pasatzen. Aukerak aprobetxatzeko dira, eta baliatzen ez dituenak bidean gelditzeko arriskua dauka. Gorengo mailan ari diren futbolariek argi dute hori. Horregatik dira, besteak beste, berekoiak. Euren buruei arreta berezia eskaintzeko ohitura dute. Finean, futbolak alde bi baititu: taldea dago alde batean, eta norbera bestean. Bistan da futbolarien lan onak mesede egiten diola taldeari. Baina, era berean, protagonista bakoitzak bere interesak ditu. Bakoitzak bere bidea egin behar duela, alegia. Horregatik, herenegun Zaragozaren aurka jokatu zuten jokalariak pozik egon behar dute: taldeak irabazi egin zuen, eta, oro har, futbolari guztiek bete zuten eurei eskatutakoa. Joaquin Caparrosen hamaikakoan ohikoak ez direnek baloratuko dute gehien egindako beharra. Hamaikakoan jarraitzeko esperantza emango die horrek.
Ustaritz Aldekoaotalora. Sendo eta seguru.
Athleticeko erdiko atzelariak oso ondo baliatu zuen teknikariak eman zion aukera. Caparrosen lehentasunen artean hirugarren aukera da. Amorebietak eta San Josek jokatu ezin dutenean zelairatzen du. Eta badirudi jokatzen duen bakoitzean derrigortuta dagoela futbolari ona dela erakustera. Ez da erraza izango horrelako egoera batean aritzea. Baina, aspalditik bizi behar izan duen egoera denez, ikasi egin du presio horrekin jokatzen. Athleticeko agintarientzat «estrategikoa» den futbolari batekin inor ez zela gogoratu esatea baino laudorio hoberik ez dago Ustaritzek egindako lana nabarmentzeko. Oldarkor, azkar eta seguru agertu zen partidak interesa izan zuen bitartean. Azken hamar minutuetan bakarrik sufritu zuen. Luzaroan jokatu barik egon den futbolariengan ohikoak diren karranpak izan zituen.
Koikili Lertxundi. Betiko moduan.
«Badakigu zer eman dezakeen. Futbolari lehiakorra eta segurua da». Caparrosek inork baino hobeto definitu zuen Koikili futbolari gisa. Ustaritzen antzera, herenegun lehen minutuak jokatu zituen sasoi honetan, baina inork ez zuen nabaritu ezker hegalekoak denboraldi-aurrean eta sasoi hasieran balaunean izan dituen arazoak. Betiko Koikili ikusi zen zelaian. Ez da hamarretik zortzi edo bederatzi eman dezakeen futbolaria, baina beti konplitzen du. Ez du sekula huts egiten. Otxandiokoak ziurtatuta dauka lekua hamaikakoan Sevillaren kontra. Eta Sanchez Pizjuanen ere, lan ona egiten badu...
Markel Susaeta. Benetako hegalekoa.
Eibartarrak duen maila aintzat hartuta, ez da oso ondo ulertzen zergatik galdu duen lekua hasierako hamaikakoan. Defentsako lana indartze aldera, eskuin hegalean euskarri bat -Gurpegi- zelairatzeko ohitura hartu du Caparrosek. Batzuetan ulergarria izan daiteke, baina ezin da ohitura bihurtu. Susaetak jokatzen duenean, Athleticek sakontasun, bizitasun eta abiadura handiagoa izaten du. Gainera, oso ondo konpontzen da Iraolarekin. Ate aurrean eraginkorragoa izan behar duen arren, Caparrosek ezin du horrelako jokalari bat behin eta berriz aulkian utzi.
Iker Muniain. Astiro, baina seguru.
Athleticeko harribitxiak bost partida jokatu ditu ligan, eta bitan aritu da hasieratik, etxean bietan. Atzean sartu, eta zain dauden taldeen kontra zuloak aurkitzeko zelairatzen du teknikariak. Itxura ona ematen ari da, baina ez espero dena. Aurkariekin ez da kikiltzen, eta Zaragozaren kontra ere oldarkor aritu zen Diogo beteranoaren aurrean. Pixkanaka tokia eginez doa. Asko emango dio Athletici, baina lasai utzi behar zaio bere bidea egiten.
Gaizka Toquero. Pizgarria.
Aurrelari gasteiztarraren inguruan esanda dago esan beharreko guztia. Toquerok ez zeukan aukera aprobetxatu beharrik. Aspalditik ari da erakusten egungo Athleticen kontuan hartzeko futbolaria dela. Toquero zelaian dagoenean eta ez dagoenean ezberdina da Athletic. Nabarmena da hori. Aurrelariak duen energiak lehiakorragoa egiten du Caparrosen taldea.
Ibai Gomez. Zerutik infernura.
Bilboko Santutxu auzoko 21 urteko gazte batentzat Athleticen elastikoa janztea berezia dela esatea gutxi esatea da. Txikitako ametsa da. Athleticeko zale batek izan dezakeen ametsik gozoena. Zaragozaren kontra jokatu zituen hiru minutuetan mundua perfektua zela pentsatuko zuen Ibaik. Bere ezker belaunak kale egin zion arte. Zerutik infernura pasatu zen jokaldi horretan. Erdilari aurreratu gazteak ez zuen izan egun berezia gozatzeko aukerarik. Ezta aukera aprobetxatzeko denborarik ere. Baina min hartu aurretik Athleticen bigarren taldean erakutsi duen itxura berreskuratzen badu, izango du beste aukeraren bat. Jokalari azkarra izateaz gain, ezkerrez zein eskuinez ederki astintzen du baloia. Emango du zeresana.
Aukerak aprobetxatzeko dira
Joaquin Caparrosek hamaikakoan bost aldaketa egin zituen herenegun Zaragozaren kontra, eta inork ez zion huts egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu