Berdin hasi eta berdin bukatu. Larunbatean, Realaren partida bukatu eta gero, nire baitan gertatu zenaren di-da bateko azterketa egiten ari nintzela, ondorio hau atera nuen: Realak aukerak sortu ditu, gol bakarra sartzeko, eta Espanyolek, lau erdi-aukerekin, lau sartu ditu. Handik ordu batzuetara, David Zurutuzak erabili zituen bi terminoak, aukerak eta erdi-aukerak, partida aztertzeko. Igandean, Osasunak bide beretik segitu zuen, aukerak sortuz eta ez sartuz, eta Levantek erdi-aukera batean eman zion kolpea. Geroago, gauean, Athleticek ez zituen baliatu aukerak Valentzia ziplo uzteko, eta kanpotarrek erdi-aukera bat baliatu zuten San Mames mutu lagatzeko.
Bartzelonan. Lehen zatian, nagusi izan zen Reala. Baloiaren jabetzan oinarritu zen hori lortzeko. Baina golak sartzeko orduan kamuts ibili zen. Griezmannek, Tamudok eta Zurutuzak ez zuten asmatu. Momentu horretan, burutik buelta ematen dizu ezkorraren pentsamenduak: «Besteak behin helduko dira, eta gola sartuko dute». Hala gertatu zen, baina heldu gabe sartu zuten ia-ia. Sartu ere ez zuten beraiek sartu. Atera kontuak. Erdi-aukera bat aski izan zuten gola sartzeko. Realak hiruzpalau garbi ez zituen baliatu, eta geldikako jokaldi batean sartu behar izan zuen berdinketakoa. Bigarren zatian, beste erdi-aukera bat baliatuz jarri zen aurretik Espanyol, Sergio Garciaren maisutasunak ere eragin handia izan bazuen ere. Hortik aurrera, jai Realak. Ez aukera, ez erdi-aukera eta ez ezer.
Valentzian. Ondo ekin zion lehiari Osasunak. Aurretik jarri zen. Bide batez esanda, ez zaio golak sartzen ahaztu Pandianiri. Baina pozak gutxi iraun zion. Berehala berdindu zuen Levantek. Bigarren zatian, ustez aldatu behar zena ez dela aldatu konturatu nintzen. Mendilibar etorri aurretik egiten zituzten akats berak egin zituzten. Aurrenekoa, gola oparitzea aurkariari. Beste behin, bigun, baldar eta trakets aritu ziren jokaldi horretan, eta aukera ere ez zen erdi-aukera horretan, maldan gora jarri zitzaion partida Osasunari. Hortik aurrerakoan azaldu zen aspaldiko beste gaitza: golak sartzeko zailtasunak geldikako jokaldiak ez direnetan. Sortu, sortu zituen aukera batzuk, baina ezin asmatu. Zutoina zela, ez zela, horrelaxe bukatu zen lehia.
Bilbon. Aurreko bi atalen jarraipena segidan. San Mames lekuko oraingoan. Golak sartzeko aukerak Athleticek sortu, ez sartu, eta Valentziak bi sartu, sortu gabe, azkenekoa erdi-aukera izan zelako. Partida bukatu ondorengo galdera, mailukadak jo eta jo denon buruan: «Llorenteren jaurtiketa hura sartu izan balitz, gertatuko al zen gero gertatu zena?». Zutoina jarri zen parean, eta akabo. Bigarren zatian, baloiaren jabetza eman zion Athleticek Valentziari, eta horra emaitza iraultzearen arrazoi nagusia, batzuen ustez. Ezezkoan nago ni. Nahiz eta baloia erabiltzen hasi zen kanpoko taldea, ez zion etekin handirik atera nagusitasun horri. Eta Athleticek, behin betiko kolpea emateko aukera batzuk sortu zituen, kontraerasoa baliatuz. Baina ez asmatzearen ajea azaldu zen. Eta Valentziak ez du barkatzen normalean. Huts egin zuten bigarren golean etxekoek, eta akabo festak.
Gola eta opariak. Futbolean bi helburu bete behar dira: golak sartu eta ez jaso. Ez sartzea opariak egitea da aurkariari, eta kontrarioari golak sartzeko erraztasunak ematea ere opari da. Jai izaten da nork bere aukerak sartu ez, eta, gainera, besteari erraztasunak ematen zaizkionean. Horra Realak, Osasunak eta Athleticek egindakoa asteburuan. Jokoaren alor askotan hobeak izan ziren, baina futbolaren bi helburuak gauzatzen diren lekuetan kale egin zuten. Nabarmen egin ere. Eta nabarmen galdu zuten hirurek, emaitzetan azaltzen den aldea gorabehera. Ez daukate aitzakiarik.
Aulkitik begira
Aukerak eta erdi-aukerak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu