Aukerarik ez Trihas Gebrerentzat 10.000 metrokoan

29. postuan sailkatu da; Almaz Ayana etiopiarrak munduko marka hautsi du.

Trihas Gebre, 10.000 metroko finalean. SRDJAN SUKI / EFE
2016ko abuztuaren 12a
17:11
Entzun

Hasi da atletismoa, eta hasi da atleta afrikarren erakustaldia Olinpiar Jokoetan. Horren adierazgarri izan da emakumezkoen 10.000 metroko finala; lehen bost postuak Kenya eta Etiopiako kirolarientzat izan dira.

Finalean zen Trihas Gebre euskal atleta ere, baina ez du aukerarik izan finalean aurreko postuetara gerturatzeko. 32:09.67ko denbora eginda, denboraldiko marka onena lortu du, baina 29. postuan helmugaratu da. Abailduta zegoen iritsi berritan: "Ez dakit zer gertatu zaidan".

Izango zuen zerikusirik bereziki Almaz Ayanak eta Vivian Jepkemoi Cheruiyotek ezarritako erritmoak. Kenyakoa lasterketa buruan jarri da hasiera-hasieratik, eta bitan apurtu du tropela; zortzi lagun aurretik, eta tropel nagusia atzetik. Lan erdiak eginda, Ayanak erritmoa bizkortu du, eta Cheruiyotek baino ez dio jarraitu; hark ere ez, metroek aurrera egin ahala.

Azken bizpahiru kilometroak bakarrik eta alde nabarmenarekin egin ditu etiopiarrak, eta birrindu egin du munduko errekorra: 29:17.45. Hamabost segundora heldu da Cheruiyot, eta Tirunesh Dibaba etiopiarrak osatu du podiuma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.