Kito ilusioak. Kito bolada ona. Iritsi da denboraldiko lehen porrota. Gijonek lortutako hiru puntuek eta Bartzelonaren aurkako berdinketak esperantza ugari sortu zuen Realeko zale guztiengan, baina atzo amaitu ziren poz guztiak. Realak ezin izan zuen punturik urratu Sanchez Pizjuan zelaian, eta Kanouteren gol baten ondorioz esku hutsik itzuliko da etxera. Talde itxura txukuna eskaini zuten Montainerrek, zelaian ongi kokatuta aritu ziren, baina apenas sortu zuten gol aukerarik, eta hala ia ezinezkoa da partidak irabaztea.
Lehen zatiak ez zuen aparteko ezer eman. Gol aukera apurrak Sevillarentzako izan ziren, baina Realak kontrolatuta eduki zuen partida. Lehen ordu laurdenean baloi jabetza beretsua izan zuten bi taldeek, baina hortik aurrera nagusitzen hasi ziren etxekoak. Bravoren ingurura hamasei aldiz gerturatu ziren andaluziarrak, eta soilik hirutan txuri-urdinak kontrako aldera. Hegaletatik min egiten ahalegindu ziren Marcelinoren jokalariak, eta egin zuten. Carlos Martinezek arazo dezente izan zuen Perotti gelditzen. Erdiraketak, baina, kamutsak egin zituzten, eta Iñigo Martinez zein Demidov bikain aritu ziren Negredoren eta Kanouteren aurrean. Goitikako jokaldien beldur ziren Donostia aldean, baina arazo gehiago izan zuten behetik.
Bi aukera on izan zituen etxeko taldeak lehen zatian. Batean Medelek eta bestean Navasek erremate onak egin zituzten, baina Bravo bikain aritu zen. Lehen berrogei minutuetan baino lan gehiago izan zuen azken bost minutuetan Realeko atezainak, eta bikain erantzun zuen. Talde itxura ona eskaini zuten txuri-urdinek, gol aukerarik sortu ez arren. 30. minututik aurrera, baina, arazo gehiago izan zuen baloia jokatuta ateratzen. Xabi Prietok zelaia utzi behar izan zuen min hartuta, eta taldeak asko igarri zuen hutsunea. Cadamuro zelairatu zuen Philippe Montanierrek, eta taldeak kalitatea galdu zuen.
Bestelako jokoarekin hasi zen bigarren zatia. Sevilla amorru biziz zelairatu zen, ahalik eta azkarren gola egiteko helburuarekin, eta lortu zuen. Jokoan askoz gehiago izan ez arren, Kanouteren eta Negredoren kalitateak norgehiagoka erabaki zuen 53. minutuan. Medelek hasitako jokaldi batean, aparteko mugimendua egin zuen Negredok, eta buruarekin baloia Kanouteri eman ondoren, etxekoen gola etorri zen. Malikoa bakarrik geratu zen Bravoren aurrean, eta halakoetan ez du hutsik egiten aurrelariak.
Hortik aurrera gola egitera derrigortuta zegoen Reala, baina aukera gehiago izan zituzten etxekoek txuri-urdinek baino. Azken txanpan hurbildu ziren Sevillaren ate ingurura, baina antzu aritu ziren gola egiterako orduan. Montainerrek Illarramendi eta Agirretxe zelairatu zituen Aranburu eta Zurutuzaren ordez, baina horiek ezin izan zuten miraririk egin. Sevillak kontrolatuta eduki zuen partida, eta neurketa guztiz erabakita uztea lortu ez bazuten ere, kontrolpean eduki zuten lehia.
Realak etzi bertan jokatuko du denboraldiko laugarren partida Granadaren kontra, Anoetan, eta garaipen bat atzoko porrota ahazteko botikarik onena litzateke. Talde itxura ona eman zuten txuri-urdinek, baina azken pasean gehiago asmatu beharko dute hiru puntuak etxean geratzeko.
Sevilla. Varas; Coke, Spahic, Escude, Fernando Navarro; Medel, Trotxowski (Rakitic, 75. min.); Navas, Perotti (Armenteros, 83. min.); Negredo eta Kanoute (Manu del Moral, 68. min.).
Reala. Bravo; Carlos Martinez, Demidov, Iñigo Martinez, De la Bella; Mariga, Aranburu (Illarramendi,71. min.); Xabi Prieto (Cadamuro, 30. min.), Zurutuza (Agirretxe, 77. min.), Griezmann; eta Ifran.
Golak. 1-0. Kanoutek (53. min.).
Epailea. Teixeira Vitienes. Txartel horiak: Sevillako Cokeri, Escuderi eta Spahici; eta Realeko Marigari eta De la Bellari.
Bestelakoak. 30.000 ikusle inguuru Sanchez Pizjuan estadioan.
Sevilla 1. Reala 0
Aukerarik sortu ezean...
Reala ez da Sevilla baino askoz gutxiago izan, baina Negredoren eta Kanouteren arteko jokaldi batek erabaki du partidaAldaketek ez diete ezer eman txuri-urdinei, eta denboraldiko lehen neurketa galdu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu