Antzeko bihotz taupada makalak dituzten bi taldek neurtuko dituzte gaur indarrak Benito Villamarinen, geratzen zaizkien apurrak, bietan ahulena nor izango ote erabakitzeko. Ez da neurketa arrunta, bat gehiago jokalariek adierazi ohi dutenez presioaren zama arintzeko asmotan. Ez. Galtzailea behar gorrian geratuko baita. Estu eta larri. Realari dagokionez, Philippe Montanierrek etxerako buelta hartuko du. Akabo zuzendaritzaren apustu sendoa. Beste gauza bat litzateke taldea ondo aritzea, nahiz eta irabazi ez. Hala, litekeena da beste astebetez gutxienez jarraitzea.
Egoeraren larritasunarekin nahikoa ez, eta euskarrietako bi, Illarramendi eta Prieto, ezingo ditu zelairatu Montanierrek, biek min hartu baitzuten azken norgehiagokan. Planteamenduan eta hamaikakoaren osaketan asmatzera derrigortuta dago, huts egiteko tartea joan den astean desagertu baitzen.
Lehenik eta behin, atzeko aldeko ezker saihetsean nork jokatuko duen zehaztu behar du: astebarruan ikusitakoaren arabera, Estrada da hautagai sendoena, baina bestelako aukerak ere baditu esku artean. Bata, Mikel Gonzalez hegalera eramatea lehenago, beste entrenatzaileek egin moduan. Bestea, Iñigo Martinezekin mugimendu bera egitea. Ezker petoa izanik, ez litzateke aukera txarra. Behin hori estalitakoan, erdiko atzelarien izenak emango ditu. Zarauztarrak jokatuz gero, Iñigo Martinez eta Mikel Gonzalez lirateke aukeratuak. Bietako batek alboko marrari itsatsita jokatzeko agindua jasoko balu, Ansotegi edo Demidov, bietako batek behar luke egon zelaian hasieratik.
Hortik aurrera, Illarramendi eta Prietoren hutsuneak betetzea geratzen da zintzilik. Astea barruan idatzi moduan, baliteke Ruben Pardoren alde egitea entrenatzaileak. David Zurutuza ere hor da, galdutako tokia berreskuratu nahirik.
Granadaren kontrako ideia
Prietoren hutsuneak jokamoldea bera alda dezake. Bi lehia galdu ditu donostiarrak orain arte. Aurrenekoa, Granadaren kontra. Orduko hartan, 4-3-3 joko sistemaren barruan, Illarramendi, Mariga eta Aranburuk eman zioten oreka zelai erdiari, eta erasoko lerroan Vela, Griezmann eta Agirretxe aritu ziren. Beste hainbeste gerta liteke, baina pare bat izen aldatuz. Mutrikuarraren tokian, aipatutako jokalarietako bat, eta ehiztari lanetan, Joseba Llorente. Prietok galdutako bigarrena, Levanteren jokalekuan. Kromo aldaketa bakarrik izan zen, Estrada zelairatuz. Lehenaren aldean indarra galtzen du bigarren irtenbideak.
Irteteko bidea, itxura batean, Ifranek hartuko du hurrengo hilabetean. Montanierrek postua jokoan duen neurketara eramaten ez badu, uruguaitarrak jai duen seinale. Kirol zuzendaritzari dagokio talde egokia topatzea.
Gezurra badirudi ere, bada Reala baino okerrago dagoenik: Betis. Zozoak beleari ipurbeltz pentsa dezake bakarren batek. Sevillako taldeak puntu bakarra atera du azken zortzi jardunaldietan eta 472 minutu daramatza golik sartu gabe, inoizko markarik eskasena. Pepe Mel entrenatzaileak hemeretzi laguneko zerrenda osatu du, tartean Roque Santa Cruz aurrelaria dela, arazo fisikoak gainditu baititu.
Aulki jokoa Sevillan
Azken asteetako ibilia zuzentzera derrigortuta dago Reala, Montanierren proiektua nahi baino lehen ez desegiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu