Realeko entrenatzaileak ez du maite hedabideetan ateratzea, eta egunerokoan ere ezkutuan ibili nahiago izaten du.
Ez zara hedabideetan azaldu zalea.
Ez, ez. Nortasuna gordetzearen aldekoa naiz, diskrezioz jokatuz. Zaleek nirekin izan duten tratua goxoa izan da beti, animatuz. Atseginez hartu izan naute. Hala ere, ez naiz eroso sentitzen kalean ezagutzen nautenean. Nahiago dut oharkabean pasatu beti.
Balio handiegia ematen al zaio futbolari?
Hala da. Fanny Blankers Koen herbehereetako lasterkari trebeak urrezko lau domina irabazi zituen 1948ko Olinpiar Jokoetan, eta zera esan zuen. «Beste inork baino bizkorrago egin dudala korri? Eta zer? Hainbesterainokoa al da?». Gehiegizkoa da, bai.
Anoetako harmailekin bat egin duzulakoan zaude?
Kalean, behintzat, animoak entzun ditut, unerik zailenetan batez ere. Maitasun hitzak beti.
Ez al zara itxiegia? Hoztasuna kutsatzea leporatu izan zaizu.
Zubietatik etxera eta alderantziz, ez dut ia beste ezertarako astirik, eta normala da jendeak ez ezagutzea. Badakit distantzia bat badagoela, baina halakoa naiz. Ez dut hedabideetan atera nahi; diskrezioa ez dut galdu nahi. Fokuen aldean, intimitatea nahiago dut. Aulkian esertzean lasaitasuna transmititu nahi diet zelaian daudenei, urduritu gabe, burua hotz izanik. Alde horretatik, Vicente Del Bosqueren portaera eredugarria iruditzen zait. Soseguz jokatuz, laguntza handia ematen die bere jokalariei.
Zigortuta dagoen arren, Mourinho agurtu ahal izango duzu gaur. Ez al da autokontrolaren kontrakoa?
Didier Drogba eta Michael Essieni esker, banuen haren berri aspalditik, eta ez dute inoiz ezer txarrik esan berataz. Are gehiago, tipo itzela dela esaten dute. Hedabideetako entrenatzailea eta horren atzean dagoen pertsona ez datoz bat. Anoetan ezagutu genuen elkar, eta gustura aritu ginen kontu kontari. Marigarengatik galdezka etorri zen.
Hedabideen zama astunegia egiten al zaizu?
Bost axola dit. Taldearen hobe beharrez ari naiz. Ideia baten baitan aritzea da garrantzitsuena, eta hori geroz eta hobeto garatzea garaipen gehiago lortzeko.
Klubetik kanpo ikusi al zenuen zeure burua lehen itzulian?
Taldeak nola hobetu, ez dut beste ezer izan buruan. Indar guztiak bideratzen ditut partidetara. Horren inguruan dagoena ez dagoeneznire esku, ez dut segundorik galtzen. Zelaia eta jokalariak dira futbolaren funtsa, eta entrenatzaileak ezin du hortik kanpokoetan denbora galdu.
«Aulkian esertzean burua hotz edukitzen ahalegintzen naiz»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu