Apoel Nikosia. Chiotis; Poursaitides, Paulo Jorge, Oliveira (Kaka, 13. min.), Boaventura; Charalanbides, Helio Pinto (Solari, 73. min.), Nuno Morais, Alexandrou (Sousa, 46. min.); Ailton eta Trickovski.
Real Madril. Casillas; Arbeloa, Pepe, Sergio Ramos, Coentrao (Marcelo, 64. min.); Khedira, Sahin (Granero, 84. min.), Oezil; Benzema, Higuain (Kaka, 64. min.) eta Cristiano Ronaldo.
Golak. 0-1. Benzemak (74. min.); 0-2. Kakak (82. min.); 0-3. Benzemak (90. min.)
Epailea. Felix Brych (Alemania). Txartel horia Apoeleko eta Real Madrileko.
Bestelakoak. 22.000 ikusle Nikosiako GSP estadioan.
Gehiegi nekatu gabe gehiena egitea zen Real Madrilen asmoa, eta horixe egin zuten atzo espainiarrek Apoelen zelaian. Motel ekin zioten partidari, tentsio handirik gabe. Baina entrenatzaileak asmatu egin zuen aulkia mugitu eta Txapeldunen Ligako final-laurdenetako kanporaketa ia erabakita uzten. Marcelo eta Kaka zelairatzearekin batera sartu zituen Real Madrilek bi golak, bi jokalari horien parte-hartzearekin. 74. minutuan Marcelok hegalera zabaldu zuen baloia, Kakak erdiraketa ona egin zuen, eta Benzemak, buruz, sareetara bidali zuen baloia. 82. minutuan, berriz, Marcelok berak egin zuen jokaldi ona area barruan, pasea atzera eman, eta Kakak bidali zuen baloia sareetara. 0-2, eta Real Madril finalerdietara bidean. Benzemaren 0-3koa gehiegizko saria izan zen.
74. minutura arte oinez eta tentsiorik gabe aritu zen Real Madril. Apoel Nikosia, berriz, atzean sartuta egon zen gehienean, golik ez jasotzeko helburu argiarekin. Oezilek, Cristiano Ronaldok eta Benzemak aukera on bana eduki zuten lehen zati horretan, frantziarrak bereziki, goleko zuloan huts egin zuelako. Baina espainiarrak motelegi aritu ziren gehienean. Aulkitik aterata partidak desoreka daitezkeela ulertu zuten Kakak eta Marcelok, eta erabakigarria izan zen bi jokalari horien erritmo bizia.
Estuagoa izan zen Benfica eta Chelsearen arteko partida. Beldurtuta zelairatu ziren etxekoak, eta golik ez jasotzeko helburuarekin ingelesak. Torres eta Meireles Chelsearen lehen gola sartzeko zorian egon ziren lehen zatian, baina Kalouk lortu zuen 75. minutuan partidako gol bakarra. 0-1ekoarekin, ingelesek oso bideratuta daukate kanporaketa.
Beste bi kanporaketa gaur
Beste bi kanporaketa erakargarri izango dira gaur. Milanek eta Bartzelonak jokatuko dutenak sortu du ikusminik handiena. Multzoen fasean 2-2 berdindu zuten Bartzelonan, eta 2-3 amaitu zen Milango partida. Ederra izango da Ibrahimovicen eta Messiren arteko lehia. Suediarrak zazpi gol sartu ditu azken lau partidetan, eta argentinarrak hamabi azken bostetan.
Olympique Marseilla-Bayern Munich kanporaketan, berriz, alemaniarrek euren etxean jokatuko den finalean daukate jada burua. Bere onenean dago Bayern, eta krisi sakonean sartuta Olympique, azken zortzi partidetatik zazpi galduta.
Apoel Nikosia 0. Real Madril 3
Aulkian zeuden artistak
Marcelo eta Kakaren joko biziari esker, Real Madrilek eskura dauka Txapeldunen Ligako finalerdietarako txartela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu