Futbolariek ez dute batere gogoko haien buruaz hitz egitea. Nolako tankera duten galdetzen zaienean, gehienek erantzuten dute ez dagokiela haiei hori esatea, edota, asko jota, topikoren bat edo beste botatzen dute. Jonathan Estrada (Medellin, Kolonbia, 1983), berriz, ez zen motz gelditu galdera bera egin ziotenean: «Ezker erdilaria naiz, teknika, pase eta jaurtiketa onekoa». Realeko Kirol zuzendari Lorenzo Juarros, Loren ere itxaropentsu azaldu zen Estrada definitzerakoan: «Buruz buru jokalari azkarra eta trebea da». Haatik, denboraldia hasi zenetik, jarraitzaileek ez dute kolonbiarraren balizko abiaduraren arrastorik ikusi, eta kalitatea ere, oso gutxitan baino ez. Besteak beste, azken lau partidetan ez duelako batere jokatu.
Estradaren fitxaketak errezelo dezente piztu zituen hasieratik, Kolonbiako Ligaren eta Espainiako Bigarren Mailaren artean jauzi dezente dagoelako. Bestalde, 26 urterekin atzerrian eskarmenturik ez izatea, alegia, inoren interes serioa piztu ez izana, ez zen seinale ona. Oso gaztetan hasi zen nabarmentzen Estrada, 18 urterekin. Kolonbiako azpiko maila guztietan jokatu zuen. Selekzio nagusirako, berriz, bi lagunarteko partidatarako baino ez zuten deitu. Arrazoia edozein zela ere, ez da hazi jaioterrian askok espero zuten neurrian ez. Millonariosen jokatzen zuen, Kolonbiako talderik indartsuena, Caliko Americarekin batera, baina azken sasoian ez zen titularra izan, esaterako.
Realarekin denboraldi-aurre txukuna egin zuen. Askok uste zutena baino hobea. Alberto de la Bellak eta biek ondo hartu zuten elkar ezker hegalean, eta gehien jokatu zutenen artean egon zen. Teneriferen aurka gola sartu, eta partidako jokalaririk onena izendatu zuten. Real Madrilen aurkakoan, berriz, mendeurrenaren ospakizunean, itxura ona eman zuen, lehen zatian batik bat. Hasieratik ikusi ahal izan zen ez zela, Lorenek aurreratu bezala, jokalari biziegia. Nekez gainditzen zuen markatzailea indarrez, edo trebetasunez. Baina baloia ondo ukitzen zuen, bai geldikako jokaldietan eta bai taldekideak bilatzerakoan ere, eta jokoa ulertzeko dohain politak zituen.
Lehiaketa, ordea, beste kontu bat da. Estrada funtsezkoa zen Martin Lasarteren hamaikakoan hasieran, baina ez zion jokoari neurria hartu, ez erasoan, eta ezta defentsan ere. Ez zuen bere tokia bilatzen. Kanpotik ez zuen minik egiten, eta barrura egiten zuen parte hartu nahian, baina alferrik. Paseetan ere, denboraldi- aurrean zuen lasaitasuna falta zitzaion. Eta jarrera ona erakutsi arren, De la Bella maizegi uzten zuen salduta defentsan. Gimasticen aurka aritu zen ondoen. Partida horretan langara bota zuen baloia. Lasarte, baina, ez zegoen pozik berarekin: titular gisa aritu zen lau partidetan, kolonbiarra izan zen aldatu zuen lehen jokalaria. Bitan Markelen ordez, eta beste bitan Griezmannen ordez.
Gironaren aurkako partida
Entrenatzailearen pazientzia Gironaren aurkako neurketan agortu zen. Realak lehen zati negargarria egin zuen, eta atsedenaldia aprobetxatu zuen Rivas eta Estrada aldatzeko, eta bide batez, txistu zaparrada saihestu. Griezmannek ez zuen alferrik galdu aukera, eta hurrengo igandean, Huescaren aurka, hasieratik aritu zen. Aste horretan, kazetariek Estradaren agerraldia eskatu zieten klubeko prentsa arduradunei, baina kolonbiarrak uko egin zion hitz egiteari, ordezkoa zela argudiatuta. Ordu gutxiren buruan, barkamena eskatu zuen, eta azalpenak eman zituen biharamunean. Postua berreskuratzeko lanean jarraituko zuela ziurtatzeaz gain, Griezmannen lana txalotu eta animoak eman zizkion. Baina harrezkero, Lasartek ez dio aukera bakar bat ere eman.
Bere Ligatik eta, oro har, Hego Ameriketatik etorritako beste hainbat jokalariri bezala, Europar futboleko erritmora egokitzea ari zaio kostatzen. Oraingoz, eman duen maila eskasak arrazoia ematen die fitxatzeko hain urruti joan beharrik ez dagoela, eta Bigarren Mailan bertan jokalari hobeakta merkeagoak daudela diotenei. Baina lehiaketa oso luzea da, eta Realari ez zaio komeni Estrada talde dinamikatik kanpo gelditzea. Griezmannen agerpena albiste zoragarria da, baina hari ezin zaio eman sasoi osoan hainbat arazo eman dituen ezker hegal hori betetzeko ardura. Buenori minutuak emateko borondate handia erakutsi du Lasartek. Estradari, berriz, ez. Ikusi beharko da zer gertatzen den. Ezer aldatu ezean, neguko merkatuari adi egon beharko dute zaleek.
Aulkitik aulkira
Jonathan Estrada izan zen Realak ezker hegalerako eginiko apustu nagusia. Denboraldi-aurrean txukun aritu zen, baina Liga hastearekin batera behera egin zuen nabarmen. Lau partida daramatza jarraian jokatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu