Aulkitik begira

Pixka bat izan edo ez izan

Aitor Manterola Garate.
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Derbiak. Pluralean. Oro har. Ia beti. Ez dira partida ikusgarriak izaten. Igandeko derbia beste derbi askoren antzekoa izan zen. Lasartek, jokatu eta gero, bide horretatik jo zuen, teknika aipatuz: «Txarra izan da teknikoki». Arrazoi. Nekez eman zituzten bi taldeek bost pase on aurkariak estutzen zituen lekuetan. Akats taktikoen eraginagatik ere izan daiteke teknikarena, mugimendu okerrak egiteagatik, baina hori beste upel bateko sagardoa da. Teknikarenaz gain, beste arlo bat aipatuko dut, igandeko derbiaren itsusitasuna azaltzeko: Realak, eta batez ere, Athleticek, ez zuten denboraldi honetan jokatu ohi duten bezala jokatu. Dohain dutena ez zutela erakutsi, alegia.



Presioa. Defentsako lanean, bi taldeek erabili zuten. Lehen zatian, aurkariaren zelaian gainera. Goi samarrean. Athleticek horregatik ekin zion hobeto lehiari. Baloia galtzen zuenean Realaren zelaian, presioa egiten zuen, Griezmann, Zurutuza eta Xabi Prieto jokoan sar ez zitezen. Lortu zuen. Baina gero, ez zuen asmatu baloia hartu ondorengo jokoan. Berreskuratu bai, baina probetxu gutxi ateratzeko. Realak ere presionatu egin zuen Athletic. Javi Martinez eta Gurpegi ito nahian, ez zezaten azkenaldian eraginkortasunez erabili ohi duten joko ez zuzena baliatu. Atzelariak ere estutu zituzten, Fernando Llorenteri pase zuzenak ahalik eta okerrenak izate aldera. Bigarren zatian, Realak lerroak atzeratu zituen, aldeko emaitza zuelako. Athleticek goian presionatzen segitu zuen, emaitza kontrakoa zuelako.



Erasoan, Reala hobeto. Horixe izan zen derbia alde batera joatearen arrazoi nagusia. Realaren golak «zoritxarraren ondorio» izan zirela esan zuen Caparrosek. Ez du arrazoi faltarik. Baina bi jokaldi horietan, Realak hautsi egin zuen Athleticen presioa, eta aurkariaren arearaino heldu zen. Eskuin hegaletik. Beste partidetan egin ohi duenarekin alderatuz, askoz gutxiagotan baliatu zuen hegaletako jokoa Realak, baina baliatu zuen apurretan, min eman zion Athletici. Eskuinetik ezkerretik baino gehiago. Gehiago asmatu zuen Realak erasoan. Athletic kamuts ibili zen, beste partidetan baino askoz ere okerrago. Horregatik analisi honen izenburua: Realak egin ohi duena egin zuen, besteetan baino askoz gutxiagotan izan bazen ere. Pixka bat izan zen. Baina Athleticek ez zuen asmatu betiko jokoa egiten. Ez zen izan.



Hurrengorako ikasgaiak. Erasoan ohi bezala ez jokatu izana aurkariaren eraginagatik izan zen. Realak ez zion Athletici utzi, eta Athleticek ez zion Realari utzi. Txuri-urdinek estu hartu zuten Fernando Llorente taldeko lanari esker, eta ez zieten utzi zuri-gorriei joko ez zuzena egiten. Athleticek ere eten egin zuen Realeko atzelariek eta euskarriek aurreragoko jokalariekin izan ohi duten lotura. Gerora begirako ikasgaia izan dadila. Batak besteari egin ziona beste edozein taldek egin dakieke hemendik aurrera. Arazo, traba, zailtasun eta oztopo berberak edonon eta edonoren aurka izan ditzakete berriz. Horiek denak nola gainditu behar diren lantzea hobetzea litzateke Realarentzat eta Athleticentzat. Irabaztean, irabazten segitu behar delako, eta galtzean, irabazi egin behar delako. Hobekuntzak ez du inoiz etenik izan behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.