Aurkari kutuna hondoratzeko aukera du Caja Laboralek

Gasteizko taldea da gaur faborito derbian; galduz gero, Gescrap Bizkaia Top16tik kanpo legoke ia-ia

Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Nork esango zuen Euroligan hain goiz derbi bat ikusteko aukera izango zela? Inork ez, futbolean edo beste kirol diziplinaren batean halakorik gertatzea ere zaila delako. Baina etorri da, eta harro egon behar du Euskal Herriko saskibaloiak. Gescrap Bizkaiak mila aldiz jokatu du Gasteizen, baina inoiz ez Euroligan, eta mugarri pozgarria da. Atarian, noski, behin partida bukatuta bi taldeen artean aspaldi ernatutako gorroto eta ezinikusiak bere horretan segituko du, handiagoa ez bada.

Caja Laboral Baskoniak akabera eman diezaiokeelako bizkaitarren Euroligako lehen abenturari. Ligaxkako lehen itzulia bukatuko da gaur, eta oraindik bost partida geratuko dira lehen fasea bukatzeko, baina Fotis Katsikarisen taldea hilzorian geratuko da Gasteizen galtzen badu. Jokatutako bost partidetatik lau galduta, sekulako bigarren itzulia osatu beharko luke, eta, etxeko hiru norgehiagokak irabazteaz gain, Atenasen edo Istanbulen ere irabazi. Bost garaipenetan dago Top16ko langa, baina litekeena da A multzoan lau dituen talderen bat ere sailkatzea, parekotasuna handia delako.

Caja Laboral Baskonia da faborito argia, emaitza eta joko bolada hobean dagoelako. Sobera handirik gabe, hori bai, baina Altubetik iparraldera bizi direnak baino hobeto. Multzoko sailkapen buruan dago, hiru garaipenekin, eta Iradier Arenan orain arte bezain indartsu segitzen badu, aurrerapauso handia emango du Top16a ziurtatzeko. Lau garaipenekin lehen fasea lidergoan bukatzea litzateke erronka, eta, horrela, arerio gaiztoenak saihestu Top16an.

Defentsan bikain ari da Dusko Ivanovicen taldea, baina erasoan iraganeko eraginkortasuna galdu du. Gescrap Bizkaia, berriz, pattal dabil erasoan, eta okerrago defentsan. Buruko indarrez ahul samar dabiltzala iritzi diote Bilbo aldean, eta partida bat irabaztea nahikoa izan litekeela egoerari buelta emateko. Gasteizek ez dirudi, ordea, plaza erraza, eta gaur-gaurkoz, dirutza ordaintzen da apustu etxeetan Bilbokoen garaipenaren alde egiten duenarentzat. Aaron Jacksonek dauka giltza. Hark lan ona egiten badu, taldeak ere bai, baina hori badakite Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.